Koronabirusa dela eta, hainbat kiroletan denboraldien hasiera datak atzeratu egin behar izan dituzte. Ketako taldeei ere horixe gertatu zaie eta beste urteetan baino beranduago hasiko dira. Hala, futboleko eta saskibaloiko taldeek asteburu honetan jokatuko dituzte ligako lehenengo jardunaldiak.

Keta Babyauto Sharks saskibaloi taldeak larunbatean izango du aurrenengo hitzordua. Lehengo denboraldian eskuratutako igoerari esker, gainera, estreinakoz, Euskal Saskibaloi Ligako bigarren mailan arituko da. Lehen jardunaldia etxean, Sahatsaga kiroldegian, jokatuko dute. 18:00etan ekingo diote lehiari eta San Prudentzio taldea izango dute aurkari. COVID-19a dela eta, prebentzio neurri modura, ikuslerik gabe jokatuko dute partida, baina Iosu Mugikak, Ketako arduradunak, adierazi duenez, “partida, lehen aldiz eta dena ondo bada, internet bidez zuzenean emitituko dugu”.

Futboleko taldeak, berriz, igandean, 16:30ean hasita, Astigarragako Mundarro FKEren aurka jokatuko du Iraetako futbol zelaian. Mugikaren hitzetan, “35-50 ikuslerentzat tokia egiten ari gara, baina Zestoako Klubaren baieztapenaren zain gaude”.

Areto futboleko taldearen igoera

Azken egunetan egindako bilera batzuen ondorioz, Ketako areto futboleko taldeak mailaz igotzea lortu du. Mugikaren arabera, koronabirusa dela eta, maila bakoitzean multzo gehiago egin dituzte, eta horiek orekatzeko helburuarekin Ketari mailaz igotzeko proposamena egin zioten. Hala, datorren denboraldian Gipuzkoako Ligako bigarren mailan arituko da.

Hauen denboraldia urriaren 31ko asteburuan hasiko da. Oraindik lekua eta ordua zehazteko dituzte, baina talde aurkaria Eskoriatza K.E. SW izango da.