Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak pertsonen mugikortasuna eta jende pilaketak mugatzeko ezarritko dituen neurri berriak iragartzeko. Aisialdiari zein kultur eta kirol arloari lotutako murrizketak izango dira.

Hauek izango dira neurri berriak:

  • Ezingo dira sei pertsona baino gehiago bildu, ez bilkura publikoetan ez pribatuetan. Gaur egun 10 pertsonakoa da muga hori.
  • Jarduera esparru guztietan -ostalaritzan (terrazetan salbu), kultur ekitaldietan, zeremonia erlijiosoetan eta igogailuetan- gehienezko edukiera %50ekoa izango dago.
  • Tabernak eta jatetxeak 00:00etan itxi beharko dituzte.
  • Elkarte gastronomikoak ezingo dira erabili.
  • Haur parkeak ezingo dira erabili 23:00etatik aurrera. Jendeak edateko erabiltzea ekidin nahi dute neurri honekin.
  • Jendea elkartzeko eremu handietan, itxiak badira, 400 pertsonako edukiera muga egongo da, eta 600 pertsonakoa espazio irekietan.
  • Kirol lehiaketa ez federatuak bertan behera geratuko dira.

Datorren astetik aurrera aplikatuko dira, onartu, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta EAEko Auzitegi Nagusiak berresten dituenean.

Neurri hauek Euskal Autonomia Erkidego osoan ezarriko dira. Sagarduik azaldu duenez, COVID-19aren kutsatzeen joera gorantz doa eta, aurreikuspenen arabera, hala jarraituko du. Gipuzkoaren egoera aipatu du, “kezkagarria” dela azpimarratuz.