Datorren urtean, 2021ean, Gasteiztik abiatuta ziren egitekoak Korrika. Atzorako espero zen aurkezpena atzerapena iragartzeko ekitaldi bilakatu zen. Hala, antolatzaileek iragarri zuten 2022ean zeharkatuko dituela berriro euskararen aldarrikapen festak Euskal Herriko kaleak. Nahiago izan dute hori “Korrika eskas bat” egin baino.

Osasun egoera dela medio erabaki dute AEK-ko ordezkariek Korrika atzeratzea: “Bizi dugun egoerak argi erakutsi du apalak eta zuhurrak izan behar dugula, eta beraz, erabakirik onena delakoan gaude”. Hala ere, neurri hori hartu behar izatea gogorra izan dela azaldu zuten Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak: “Erabaki latza da, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu”.

Herritarrei ez ezik, AEK-ri eragingo dio erabakiak, izan ere, euskaltegietan lanean jarraitzeko babes handia da Korrika. Hori gogoratuta, administrazioek euskaltegiei bideratutako baliabideak ez direla nahikoak salatu eta helduen euskalduntzean inbertsioak gehitu behar direla aldarrikatu zuten.