1520ko urriaren 21a eta azaroaren 28a bitartean, Ozeano Barean sartzea ahalbidetu zien pasabidea aurkitu, esploratu eta zeharkatu zuen munduari lehen bira eman zion ontzidiak; pasabide hari Magallanes itsasartea izena jarri zioten. Gertaera haren 500. urteurrenaren harira, Elkano Fundazioak hilabete haietako kontakizuna jasotzen duen erakusketa prestatu du, eta bihar hasi eta azaroaren 28ra arte Kote Ogi Berri okindegian, Elkano Kalea 7, bisitatu ahalko da.

Bidaiako hainbat protagonisten adierazpenak jasotzen dituen erakusketa txiki bat izango da; besteak beste, Antonio Pigaffetak eta Trinitateko marinel Ginés de Mafraren lekukotzak, baita Maximiliano Transilvano kronistarenak ere. Azken horrek De Moluccis Insulae argitalpenean Elkanoren, Francisco de Alboren eta Hernando de Bustamanteren adierazpenak jaso zituen. Itsasartean gizakien arrastorik ez zutela topatu kontatu zuten, lurrean su ugari ikusi zituzten gau batean salbu, baina Patagonia Australeko antzinako herriak, kawésqarrak, aonikenkak edo selk ‘nam-ak kasu, itsasartearen inguruan bizi ziren.

Itsasartea zeharkatzeko lanak

Sanlucar de Barramedako portutik abiatu zirenetik urtebete baino gehiago nabigatzen egon ondoren, 1520ko urriaren 21ean, Espezieriako ontzidiako bost ontziek Ozeano Atlantikotik Ozeano Barera igarotzeko pasabidea aurkitu zuten. Hori aurkituta, euren bidaiarekin, Moluketara bidean, jarraitu ahal izango zuten.

Ordutik aurrera Magallanes itsasartea bezala ezagutzen den pasabidea zeharkatzeko, espediziokideek hilabete baino gehiago behar izan zuten. Momentu hartan, gainera, San Antonio itsasontziak espedizioa utzi zuen.