Eusko Jaurlaritzak atzo indarrean jarritako neurrien harira, Gipuzkoako Futbol Federazioak hurrengo bi jardunaldiak atzeratzea erabaki du. Idazkari Nagusiak igorritako mezuan zehazten denez, euskal gobernuak egoera epidemiologiko larrian dauden herrietan ez sartzea eta haietatik ez ateratzea aholkatu du; “gaur egun Gipuzkoan egoera horretan 20 udalerri daudela kontuan hartuta” eta Nafarroako Foru Erkidegoaren itxiera perimetralak eragindako bi talde Gipuzkoako txapelketan dabiltzala aintzat izanda, “pertsonen osasuna babesteko eta zuhurtzia irizpideak jarraituz” hartu du erabaki hori Federazioak. Era berean, lagunarteko partidak ere ez direla baimenduko jakinarazi du.

Arrazoi bera erabili du Gipuzkoako Areto Futboleko Batzordeak ere bere txapelketen hasiera atzeratzeko. Datorren astean jokatzekoa zen lehen jardunaldia baina ezarritako egutegiko bigarren jardunaldiarekin emango zaie hasiera ligei. Orain jokatzen ez diren partidak lehen fasearen amaieran edo, hala badagokio, txapelketa bakoitzaren amaieran izango direla aurreratu dute arduradunek. Gainera, gaurko eta biharko aurreikusita zeuden lagunarteko partidak bertan behera geratu dira.

Horrek esan nahi du Ketako erregional mailako taldeak ez duela partidarik jokatuko aste honetan nahiz hurrengoan, eta areto futbolekoak azaroaren 7an ekingo diola denboraldiari. Bien bitartean, Keta Sharksek gaur, urriak 24, 16:00etan, jokatuko du Mungian.

 

Lotutako albisteak: