Ministro Kontseilu berezia egin dute gaur goizean Madrilen eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea eguerdian atera da hedabideen aurrera alarma egoera onartu dutela iragartzera. Oraingoz, 15 egunerako ezarriko dute eta ondoren, luzapena eztabaidatu eta onartu beharko du Kongresuak.

COVID-19aren bigarren olatuak gutxiago hiltzen duela eta kutsatzeek gazte gehiagori eragiten diela azaldu du Sanchezek, baita aurreko alarma egoerarekin alderatuta, oraingoa ezberdina izango dela eta erkidegoekin “kogobernantzan” arituko dela ere. Ez da konfinamendurik egongo baina 23:00etatik 06:00etara ezingo da kalean ibili, ez bada lanerako, zaintzarako edo botikak erosteko. Bestalde, etxeratze ordutegian eragina izan dezakete autonomia erkidegoetako agintariek, izan ere, ordubete atzeratu edo aurreratu ahal izango dute etxeratzea.

Horrez gain, bilerak sei lagunekoak izango dira, gehienez, elkarrekin bizi ez diren personen artekoak badira. Hain zuzen ere, EAEko Epaitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzak proposatutako neurri hori atzera botatakoan eskatu zion Iñigo Urkullu lehendakariak alarma egoera ezartzeko Espainiako Gobernuari. Gainera, erkidego bakoitzak erabaki ahal izango du lurraldearen muga edo barruko eremuren bat ixtea.

Alarma egoeraren luzera ere argitu du Sanchezek; jakinarazi du ez dutela bi astetik behin bozkatu eta luzatuko aurrekoan bezala, baizik eta bi aste barruko bozekin, sei hilabeterako ezarri ahal izango dela. Argitu duenez, hori da, adituen esanetan, bigarren olatua pasatzeko behar den denbora.

Getariarrek probarik ez

COVID-19 kasuak igotzen doazen heinean, baheketak egiten ari dira azken asteetan hainbat herritan. Bihar hasiko dira, besteak beste, Zumaian. Horren harira, Haritz Alberdi alkateak, sare sozialen bitartez, ezeztatu egin du Getarian probak egin behar dituztenik: “Hainbat komunikabidek herrian PCR probak egingo dituztela aditzera eman dute. Osakidetzatik kontrastea egin berri dugu eta ez dela horrela esan beharra daukagu”.

 

Argazkia: La Moncloa.