Gaur goizean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, Euskaraldiaren eskualde mailako aurkezpena egin dute. Bertan izan dira Urola Kostako bost herrietako Euskaraldiko dinamizatzaileak, ekimenari atxikitu zaizkion bi entitatetako ordezkariak, eta Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakaria.

Euskaraldiaren bigarren edizioa gero eta gertuago dago: azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4ra arte iraungo du. Ekimen horren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohituretan eragitea eta euskara sustatzea da. Duela bi urte egin zen lehen edizioa eta bertan, eskualdeko 9.000 lagunek parte hartu zuten.

Aurten, gainera, berrikuntza bat izango da: ariguneak. Izan ere, bigarren edizio honetan, norbanako bezala parte hartzeko aukeraz gain (ahobizi eta belarriprest), ariguneen bidez, euskaraz lasai aritzeko guneak, ariketa taldean egin ahal izango da.

Getarian 50 entitate eta 150 arigune

Udal Elkarteak eta Euskaltzaleen topaguneak sinatutako hitzarmen baten bitartez, eskualdean Euskaraldia sustatzen hiru dinamizatzaile aritu dira lanean. Sara Saizar izan da Getariako eta Zumaiako dinamizatzailea, eta bere esanetan “emankorra izan da, oso, urte osoko lan-ibilbidea”. Azken hilabeteetako lanaren jomuga entitateak eta ariguneak izan direla adierazi du.

Urola Kostan, orotara, ia 500 entitatek eman dute izena Euskaraldian; eta 1.210 arigune inguru osatu dituzte. Herriz herri, ondorengoak dira datuak: Getariako 50 entitatetan 150 arigune izango dira; Aian 24 entitateren artean 60 arigune inguru osatu dituzte; Orion 72 entitatek parte hartuko dute, 200 arigune osatuz; Zarautzen 237 entitatek eman dute izena eta 500 arigune osatuko dira; eta Zumaian, berriz, 112 entitate eta 300 arigune.

Ariguneen esperientzia

Arigune modura izena eman duten Urola Kostako bi entitateko ordezkariek ere hartu dute hitza. Andoni Mantzizidor Zarauzko Arrona-Induo enpresako ordezkariaren hitzetan, “ariguneak osatzea erronka aberasgarria da guretzat”. Gaineratu du, “gogotsu gaude Euskaraldiak iraungo duen 15 egun horietan Arrona-Inuoko hizkuntza-ohiturak astintzeko, eta ahal dela, ea 16. egunetik aurrera ere aldaketa on hauei eusten lortzen dugun”.

Aurkezpenean Ostolaza Zumaia SL enpresako Maialen Alberdi ere bertan izan da. Aitortu du, “oro har, euskaraz aritzen garen enpresa bat gara, baina kontziente gara lan munduan euskarak dituen gabeziez, eta ondorioz, euskararen normalizazioan eman behar diren urratsez”. Horren aurrean, “gure bezeroak euskaraz lasai eta eroso aritzeko guneak sortu nahi ditugu, gure etxea euskal eremu gisa identifikatuz”.

Lankidetza eta aniztasuna giltzarri

Elkarlana azpimarratu nahi izan du Salsamendik: “Lortu dugu urte gorabeheratsu honetan eskualdeko bost herrietan lan batzordeak sendotzea. Dozenaka euskaltzale, elkarlanean, euskararen normalizazioaren alde. Erakundeak, herritarrak, enpresak, elkarteak; denak elkarrekin”. Hala, “lankidetzan, urratsez urrats, euskara ahalik eta esparru gehienetara zabaltzeko helburua geure egiten dugu” azaldu du Udal Elkarteko lehendakariak.

Lankidetza horrek, gainera, aniztasuna ere ekarri duela gogorarazi du. “Sektore zeharo ezberdinetako entitateek parte hartuko dute: erakunde publikoek, osasun zentroek, ikastetxeek, komunikabideak, alderdi politikoek, sindikatuek, tabernek eta jatetxeek…”.

Salsamendik Euskaraldian parte hartzera gonbidatu du eskualdeko herritar oro, eta bere hitzetan “benetako urratsak eman nahi baditugu, ezinbestekoa da herritarren aktibazioa”. Azaroaren 19ra arte, ahobizi edo belarriprest modura izena emateko epea zabalik dago. Izen-ematea Euskaraldiaren webgunean egin daiteke. Getariaren kasuan, gaur eta datozen bi ostiraletan, Getariako Euskaraldiako batzordeak izen-emate mahaia jarriko du kalean, 18:00etatik 20:00etara.

Herritarren jarrera koronabirusaren aurrean

Amaitzeko, atzo Jaurlaritzak hartutako neurri zorrotzagoak direla eta, egoeraren aurrean izan duten jarreragatik eskualdeko herritarrak eskertu ditu Udal Elkarteko lehenedakariak. “Denok sakrifizio handiak ari gara egiten gure egunerokotasunean, baina pandemia honi aurre egiteko ezinbestekoa da”.

Bestalde, ostalaritza sektoreari elkartasuna eta erabateko babesa adierazi dizkio Udal Elkartetik: “Momentu honetan, ikusi dugu sektore hori dela kaltetuena. Gure eskualden oso garrantzitsua da, eta egoera honi ahalik eta modurik onenean buelta emateko elkarlanean jarrituko dugu”.

Lotutako albisteak: