Eusko Jaularitzak ezarritako azken neurri murriztaileen ondorioz, herriko jatetxeek eta tabernek ateak itxi behar izan dituzte. Neurriok, momentuz, hamabost egunez egongo dira indarrean. Ondoren, pandemiak izandako bilakaeraren arabera, Jaurlaritzak erabakiko du denbora gehiagoz itxita jarraitu beharko duten edo ez.

ARTZAPEk Getariako Getabat ostalarien eta Babexa merkatarien elkarteetako lehendakariekin hitz egin du. Maialen Gereka Getabateko lehendakariak adierazi duenez, “oraindik ez dut jendearekin hitz egiteko aukerarik izan, baina badakit jatetxe eta taberna guztiak itxita daudela, eta pare bat –Xagu eta Alda-Bier– janaria etxera eramateko zerbitzua eskaintzen ari direla”.

Gerekak ezjakintasuna nabarmendu du: “Guk laguntza batzuk geneuzkan, baina horiek itxieraren aurrekoak ziren. Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteen zerbitzua bazegoen, baina horrek ere bere ñabardurak zituen; adibidez, jardueraren %30a mantendu egin behar genuen. Orduan ez zintuzten ixtera behartzen, baina orain, derrigorrezko itxialdi honekin, oraindik ez dakigu zein laguntza egongo diren; zain gaude”.

Bestalde, egoera luze doala eta aurreneko itxialdian baino argi gutxiago ikusten dutela azaldu du Getabateko lehendakariak: “Ez da aurrekoan bezala izango –hilabete edo hilabete eta erdi egingo dugu itxita eta gero irekiko dugu berriro–. Orain, negua dator eta guk badakigu hamabost egun ez direla izango”. Bestalde, gaineratu du, “Getarian negua luzea da, eta aurtengoa bereziki luzea izango da. Zubiak eta Gabonak kentzen badizkigute, ahaztu. Bertako jendearekin lana egiteko aukera dutenek, tabernak-eta irekitzea errazagoa da, baina jatetxeek eta hotelek oso zaila daukate. Orain, udaberrira arte jai dago”.

Zenbait merkatari establezimendu ere itxita

Merkatariak ez dituzte euren dendak ixtera behartu, baina mugikortasun murrizketek jarduna asko mugatu dute. Fernando Lopez Babexako lehendakariak azaldu duenez, “kanpoko jendea Getariara etorri ezin izateak bisitarien eta turisten mende dauden saltokiei eragin die, batez ere”. Ondorioz, zenbait establezimenduk ateak itxi dituzte: “Amona Maria, Cetaria eta Salanort itxita daude eta ABEEEak aplikatu behar izan dituzte berriz”. Maisorrek goizez irekitzen jarraituko duela, baina asteburuan itxi egingo duela azaldu du Lopezek. “Escape Roomari, berriz, erreserbak bertan behera utzi dizkiote”.

Bitxi-dendak eta arropa-dendak zabalik daudela, baina Geêk eta Glugluk igandetan itxi egingo dutela argitu du. Elikadura sektoreari dagokionez, Lopezen hitzetan “normaltasunez ari dira lanean”. Okindegiak eta gozotegiak zabalik daude, baina bezeroek establezimenduan bertan ezin dute ezer kontsumitu. Horregatik, “Getariano arratsaldeetan ixten hasi da”. Zerbitzuen sektorea ere (ile-apaindegiak, osteopatia, fisioterapia, aseguruak) normaltasunez ari dela lanean azaldu du, baina “datozen asteak pattalagoak izango direla uste dute”.

Herrian kontsumitzera gonbidatu dituzte getariarrak

Asteburuan zehar, getariarrak herrian kontsumitzera eta bertako zerbitzuak erabiltzera animatzeko ondorengo mezua zabaldu zuen Babexa Elkarteak: “Akaso zuk nahi duzun guztia eta zuk nahi duzunaren berdina ez dugu izango baina ziurrenik antzekoren bat izango dugu. Momentu txarrenetan ahal izan dugun guztiak hor egon gara eta ezin izan dugunak, orain, hor gaude. ‘Online’ erosketak eta alboko herrietakoak egin baino lehen, bisita gaitzazu eta behar duzun hori eska iezaguzu, ez badaukagu mugitzeko denbora izango duzulakoan gaude. Heldu estatxa!”.

4.000 euroko laguntzak ostalarientzat

Jatetxeei eta tabernariei laguntzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euroko aparteko laguntza programa berri bat onartu du. Negozioen jabeek, langile kopuruaren arabera 4.000 euro arte jaso ahalko dute. Laguntza hori jasotzeko, ordea, COVID-19a dela-eta ezarritako murrizketak kentzen direnetik eta berriz ireki dezaketenetik, jarduerari, gutxienez, lau hilabetez eutsi beharko diote.

Hiru langile baino gutxiago dutenek 3.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute; gehienez hamar dituztenek, 3.500 eurokoa; eta hortik gorakoek, 4.000 euro jasoko dituzte. Deialditik kanpo geratu dira 50 langile baino gehiago dituzten sektoreko enpresak eta pandemiaren aurretik etxez etxeko banaketa diru sarreren iturri nagusitzat zutenak.

Plan berri horrekin, guztira, 70 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak, dirulaguntza zuzenetan, merkataritzara, turismora eta ostalaritzara; horietatik, 45 milioi tabernentzat eta jatetxeentzat izango dira.