Isaura Arangurenek, Getariano Gozotegiko arduradunak, herritarrei laguntzeko ekimen bat martxan jarri berri du. Hala, Getariako Caritaseko boluntario taldeari laguntza eskatuta, atzo hasi eta datorren astelehena arte, janari bilketa egingo dute. Elikagaiak, 07:30etik 14:30era, gozotegian bertan jasoko dituzte.

Caritaseko boluntario taldetik azaldu dutenez, “janari bilketa bat egin nahi zuela-eta gugana jo zuen laguntza eske Isaurak. Taldean hitz egin eta laguntzea erabaki dugu; udalari bezala, esku bat botako diogu. Gu proposamen berrietara irekita gaude, eta horrelako ekimenak egin nahi dituztenei laguntzeko prest gaude. Era berean, beharra duten herritarrentzat zabalik daude ate guztiak”.

Getariano Gozotegian, janaria jasotzeko kaxak jarri dituzte. Bertan, beharrezko elikagaiak jasoko dituzte; Arangurenek berak azaldu bezala, “gure etxeko armairuetan falta ezin diren elikagaiak jasoko ditugu, besteak beste, pasta, arroza, esnea, dilistak, babarrunak, olioa eta gatza”. Horrez gain, diru bilketa egiteko itsulapiko bat ere jarri dute. “Diru horrekin, behar diren gauzak erosiko ditugu, adibidez, epe laburrean iraungitzen diren elikagaiak (arrautzak, jogurtak, frutak, barazkiak) edota musukoak”, dio Arangurenek.

Ondoren, elikagai horiek banatzeaz Getariako Caritaseko boluntario taldea arduratuko da. Arangurenen hitzetan, “banaketa nola egingo duten ez dakit; dakidana da, lortzen duguna beharra duten getariarren artean banatuko dela”.

Laguntzeko gogoa

Pandemia hasi zenetik omen zerabilen buruan horrelako ekimen bat egiteko nahia Arangurenek: “Mundu guztiari horrenbeste eragiten ari bada, ezer ez daukanari nola eragingo dio?”. Nahiz eta berarentzat ere ez izan garai errazenak, txarrenari onena ateratzen saiatu da.

Izan ere, Jaurlaritzaren azken neurriak direla eta, gozotegian bertan bezeroek ezin dute ezer kontsumitu. Ondorioz, aulki eta mahai guztiak jasota ditu, eta barruan espazio librea geratu zaio. Hala, lekua zuela aprobetxatuz, janari bilketa egitea bururatu zitzaion: “Gauzak kentzen ari nintzen momentuan, konturatu nintzen hemen jana biltzeko lekua neukala”.

“Atzo hasi ginen bilketarekin, eta jada, lau kaxa bete janari bildu ditugu”, aitortu du pozik, eta aldi berean harrituta. “Herenegun igandea izan zen, eta jendeak ia erosketak egiteko denborarik izan ez arren, asteleheneko goizeko zortzietarako lehenengo janari poltsak iritsi ziren. Nik negar eta dena egin nuen”.

Hileroko janari banaketa

Udalarekin elkarlanean, Caritaseko boluntario taldeak, hilero, Gipuzkoako Elikagaien Bankutik ekarritako elikagaiak banatzen ditu herritarren artean. Caritaseko boluntario taldeak adierazi duenez, “azkenengo bi hilabeteetan Zarauztik janaria ematen digute. Beraiei soberan geratzen zaiena ematen digute, eta guk Gipuzkoako Elikagaien Bankukoak jasotzen dituztenei ematen dizkiegu”.

Lotutako albisteak: