Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko ahaleginean, eskualdez gaindiko ekimen berri batean parte hartuko du Urola Kostako Udal Elkarteak. Eskualdeaz haratago sektorea saretzen jarraitzeko helburuarekin, esperientziak trukatzeko topaketa bat antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako, Bizkaiako eta Nafarroako zazpi erakundek, Garapen-en (Euskadiko Garapen Agentzien elkartea) aterkipean eta INNobasqueren laguntzarekin.

Oraingo honetan, espazio publikoa izango da aztergai; hau da, nola uztar litezke espazio publikoa, eta sormen eta kultura adierazpena oraingo errealitate berrian? Osasun-krisiak sortu duen testuinguru berrian ezinbestekoa dirudi jarduera kulturalak birpentsatu eta sormen adierazpenetarako eremu publikoak birdiseinatzea, eta horretara datoz topaketok. Azaroaren 23an, 17:00etatik 19:30era egingo dira saioak; aurrez aurre, Getxon. Edozein kasutan, “online” jarraitzeko aukera ere izango da.

Laugarrena den edizio honetan, zazpi proiektu aurkeztuko dira. Helburua da aurkezpenak egin eta proiektuen alderdi berritzaileenak aztertzearekin batera, eremu irekiak, plazak, kaleak edota gizarte eraikin edota guneak oinarri hartuta, osasun-larrialdian esparru publikoa leheneratzeko zutabeak berrasmatzea.

Urola Kostaren kasuan, Experientziakek “Harimakilatik ihesi” egitasmoa aurkeztuko du. Hauek dira topaketan aurkeztuko diren proiektuak:

  1. Peace of Mind Cia
  2. ElektrART
  3. Estudio-taller Joyería-arte floral Idoia Lizeaga Iturralde
  4. ANTespacio
  5. B-IDEA Flujos Creativos
  6. Experientziak “Harimakilatik ihesi”
  7. GIRABIRA

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Plaza kopurua mugatua da eta eskabideak onartzeko izen-emate hurrenkera errespetatuko da. Izena emateko ondorengo galdetegia bete behar da.