Eusko Jaurlaritzak lehengo astean iragarri zituen ostalaritzara bideratuko duen laguntza programaren xehetasunak. Egungo egoeran “babesa eta euskarria” emateko helburuarekin 30 milioi euroko laguntza emango dio ostalaritzaren sektoreari. Hala, eskaerak egiteko epea bihar hasi eta abenduaren 10a arte luzatuko da.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak azaldu duenez, laguntzek aurkeztutako eskaera guztiei erantzungo diete. Sarrera ordenari ez diote erreparatuko, horrela, “eskaerak denboran tartekatu eta sistema ez kolapsatzea” dute helburu.

Laguntzak egoitza elektronikoaren bitartez eskatu ahal izango dira; hain zuzen, “bizkortasunagatik, erosotasunagatik eta segurtasunagatik”, eskaerak horrela egitea gomendatu dute. Hala ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde bulegoetan edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko jendearentzako arreta bulegoetan eskaerak aurrez aurre egin daitezke.

Langile kopuruaren arabera laguntza desberdinak

Jatetxeek, tabernek, kafetegiek eta antzeko establezimenduek parte hartu dezakete deialdian. Ostalaritza establezimendu bakoitzean dauden langile kopuruaren arabera, laguntzak desberdinak izango dira: 1-3 langile dituztenentzat 3.000 euro; 4-10 langile dituztenek 3.500 euro jasoko dituzte; 10 langile baino gehiagoko establezimenduek, berriz, 4.000 euro. Bestalde, deialditik kanpo geratzen dira 50 langile baino gehiago dituzten sektoreko enpresak eta pandemiaren aurretik etxez etxeko banaketa diru sarreren iturri nagusitzat zutenak.

Laguntza hori jasotzen dutenek COVID-19a dela-eta ezarritako murrizketak kentzen direnetik eta berriz ireki dezaketenetik, jarduerari, gutxienez, lau hilabetez eutsi beharko diote. Onuradunek ordainketa bakarrean jasoko dute dirulaguntza.

 

Lotutako albisteak: