Euskal gastronomiako onena saritzeko helburuarekin, urtero, BMW Más Gastronomía sariak banatzen dituzte. Aurtengoan, sariketa horretako ibilbide profesionalaren izendapena Getariara iritsi da; hain zuzen, urte luzez Elkano eta Kaia jatetxeak aurrera ateratzeko egin duten lanagatik, Maria Jose Artano eta María Rosa Larrañaga omendu dituzte. Pandemia dela eta, aurtengo sari banaketa “online” egin dute.

Artanok eta Larrañagak azaldu dutenez, “sari hau jaso izanagatik oso harro gaude; hala ere, familiaren lana aitortu egin behar da, Pedrorena eta Andonirena”. Bestalde, euren semeei, Aitorri eta Igorri, eskerrak eman dizkiete egiten ari diren guztiagatik, eta “oso pozik” daudela adierazi dute.