Mugikortasun murrizketak direla eta, getariarrei eta udalerri mugakideko herritarrei (zarauztarrei, zumaiarrei eta aizarnazabaldarrei) eskaintza berezia egin die Cristobal Balentziaga Museoak. Hala, azaroko eta abenduko asteburuetan, nahiz abenduko zubian, herritar horiek sarrera bat ordaintzearen truke bi eskuratu ahal izango dituzte.

Museoa libreki bisitatzeko aukeraz gain, plaza mugatuko bisita gidatuak antolatu dituzte (bost bisitari eta gida). Euskarazko eta gaztelaniazko bisita bana prestatu dituzte; 11:15ean euskarazkoa eta 12:30ean gaztelaniazkoa. Bisita hauetarako izen-ematea, bisita ordua baino lehen eta leku guztiak bete arte, egunean bertan egin ahalko da. Sarrera eskuratu ondoren, museoko harreran eman beharko da izena.