Eusko Jaurlaritzak jakinari duenez, egun ezarrita dauden neurri murriztaileak beste 20 egunez indarrean egongo dira. Beraz, udalerrien arteko mugikortasunak eta EAEn sartzeko eta irteteko mugek itxita jarraituko dute; 22:00etatik 06:00etara ezarritako etxeratze agindua mantendu egingo da; 21:00etatik aurrera ezingo da jarduera sozioekonomikorik egin; eta ostalaritza establezimenduek itxita jarraitu beharko dute.

Atzo egindako bileran erabaki zuen LABIren Aholku Batzordeak neurrion luzapena. Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzetan “neurriak eraginkorrak izaten ari diren arren, Euskadin birusaren transmisioak oso altua izaten jarraitzen du. Horregatik erabaki du LABIk mugikortasuna eta gizarte harremanak ahalik eta gehien murrizten dituen dekretuari eustea”.

Larunbatean jarriko da indarrean dekretua, eta abenduaren 10era arte iraungo du. Hasiera batean, neurriok hamabost egunez luzatuko zituztela adierazi zuen Sagarduik, baina Jaurlaritzak ondoren jakinarazi zuen abenduaren 10era arte indarrean jarraituko duela dekretuak. Hala, abenduko zubia pasa ondoren, dagoen egoeraren arabera, erabakiko dute zer egin: neurriei eutsi, aldatu ala lasaitu.