Eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikien negozioak ezagutaraztea, eta era berean, bertako kontsumoa sustatzea ditu helburu programak. Abenduan zehar egingo da, eta bereziki, merkatariei, ostalariei eta negozio txikiei dago zuzenduta.

Egungo gizartean ezinbestekoa da ekintzaile nahiz enpresari txikiek jauzi digitala egitea; gainera, Covid-19ak sortutako testuinguru berri honetan behar hori nabarmenagoa bihurtu da. Horretarako, tresna aproposa da Google My Business; bai ohiko bezeroarengana hurbiltzeko, eta baita bezero berriak aurkitzeko ere. Azken finean, eskualdeko negozioen ikusgaitasunaren bitartez, eskualdeko kontsumoa bultzatu nahi da.

Eskualdeko negozioen mapa

Lehen edizioaren ondoren, 100 negozio ingururekin osatu da eskualde mailako mapa digitala. Dagoeneko, Urola Kostako Udal Elkartearen Garapen Agentziako atarian dago eskuragarri. Ekimen horri jarraipena emango zaio, eta asmoa da eskualdeko negozioen sarea handitu ahala, etengabe mapa osatzen joatea.

Bideotutorialak eta webinarra

Ekimenean parte hartzeko interesa dutenek bi urrats eman beharko dituzte. Lehendabizi, euren negozioaren Google My Business fitxa sortu beharko dute. Horretarako, bi bideotutorial eta zuzeneko webinar saioak prestatu dituzte. Bideotutorialak Urola Kostako Udal Elkartearen YouTube kanalean daude eskuragarri: lehenengo atala eta bigarren atala. Zuzeneko webinar saioa egiteko, berriz, bi aukera izango dira; bat abenduaren 2an, 10:00etan, eta bestea abenduaren 3an, 14:00etan. Zuzeneko webinarrean parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea; izen-emate orria hemen dago eskuragarri. UKUEk ohartarazi duenez, webinarraren aurretik Google My Business fitxa sortuta izatea komenigarria da.

Behin Google My Business fitxa osatutakoan, eskualdeko mapan agertzeko izen-emate orria bete beharko dute interesatuek.