Datorren asteazkenean, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da; horren harira, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko helburuarekin, Mariñakek aldarrikapen-ekintza deitu du 20:00etatik aurrera herriko plazan.

Horrez gain, Pandemia berriek ez ditzatela zaharrak ezkutatu! lelopean abendurako ekitaldi sorta ere prestatu du. Lehen hitzordua hilaren 2an, asteazkena, egingo den hitzaldia izango da. Ulpiano Aretoan, 19:00etan hasita, Batirtze Diezek eta Oneka Emakume Pentsionistak taldeak Pentsio diskriminatzaileak hitzaldia eskainiko dute.

Abenduaren 10ean, Iturzaeta eskolako aretoan, 19:00etan hasita, Maitane Subijana getariarraren Malen etxea. Zaintzaren esklabo dokumentala proiektatuko dute. Azkenik, hilaren 13an, igandean, beste dokumental bat izango da ikusgai. Kasu honetan, Sorginatxurrak taldearen eskutik, emakume baserritarrei buruz egindako Erroa eta geroa lana. Hori ere, Iturzaeta eskolako aretoan 19:00etatik aurrera eskainiko da.