Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Koronabirusa tarteko, aurtengoan ez dira ohiko ekitaldiak egingo; hala ere, nahiz eta beste modu batera izan, Iturzaeta herri eskolako ikasleek Euskararen Egunarekin bat egin dute. Goizean goizetik hasita, mailaka banatuta, euskal abestiak kantatzen eta dantzatzen aritu dira: Maite zaitut, Gure animaliak… Bazkalondoan, ospakizunarekin jarraituko dute.

Arratsaldean, Irrien Lagunak

Etxeko txikienei zuzenduta, Irrien Lagunak taldearen Tiritatxorekin egin irri! emanaldia ikusteko aukera izango da. Iturzaeta Aretoan bi saio egingo dituzte; bat 16:30ean eta bestea 17:30ean. Aurrez izena eman behar da turismo bulegoan bertan, edo 943 140 957 telefonora deituta.

Bestalde, goizeko 08:30ean hasi eta egun guztian zehar, Berdura plazan bozgorailuetatik euskal musika jarriko du Udalak; haurrak eskolara sartu aurretik, 09:00ak aldera, bi zuziri ere bota ditu. Horrez gain, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du, eta izurriari ere euskaraz egin behar diogula aurre nabarmendu du: “Bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa”. Adierazpen osoa hemen duzue irakurgai.

 

Lotutako albisteak: