Bihar, 12:00etatik aurrera, Getariako Gudarien Enparantzan egingo dute elkarretaratzea. Toledoko Itunak pentsioen inguruan onartutako gomendioen aurka eta ereduaren iraunkortasuna bermatuko duen sistema publiko baten alde mobilizatuko dira.

Itunak lan merkatu berriari egokitutako 21 gomendio berri biltzen ditu, eta Euskal Pentsiodunen Mugimenduak azaldu duenez, “Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dute gezur handia dela Gizarte Segurantza publikoa jasanezina dela, eta agerian uzten dute haren funtsak sistema mantentzeaz bestelako helburuetarako erabili direla”. Besteak beste, itunak ez duela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko beharra kontutan hartzen adierazi du. Horrez gain, “alarguntasun pentsioari buruzko gomendioek, etorkizunean, emakume askoren egoera okertuko dute eta genero arrakala areagotu egingo da”.

2010eko eta 2012ko lan erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetu ez izana salatu du. Era berean, kudeaketa pribatuko Pentsioen Funts Publikoa sortzea dela asmoa, eta horrek, nabarmendu du “ahuldu egiten du Gizarte Segurantza Publikoa, finantza botereen mesedetan”.