Datorren urteari begira, Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan egitasmoaren 11. deialdia egin du. Ekimena eskualdeko enpresa, eta langabe edota lana hobetu nahi duten 20-44 urte eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzeko.

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Gehienez 15 lagunek hartu dezakete parte egitasmoan, eta pertsona gehiagok emango balute izena, hautaketa prozesua egingo lukete. Izena emateko orria Udal Elkartearen egoitza elektronikoan dago eskura. Tramitazio elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.

Bestalde, edizio berri honen xehetasunak abenduaren 17an, 11:00etan, egingo den informazio saioan aurkeztuko dituzte. Saioa, Gotomeeting plataformaren bidez, “online” egingo da. Bertan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da ondorengo galdetegia beteta.

Prestakuntza trinkoa eta praktikak enpresetan

Programak, hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz (80 ordu). Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, partehartzaileek “bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den” esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza teknikoa jasoko dute. Hain zuzen, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, beti ere norberaren lanbide-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

“Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko edizioetan zehar, guztira, 150 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan…)” azaldu du UKUEk. Printzipioz, aurrez aurreko prestakuntza izango da. Edozein kasutan, osasun egoeragatik horiek bertan behera geratuko balira, “online” jarraituko lukete.