Atzo Bilbon egin zuten Euskaraldiaren bigarren edizioaren balorazioa. Azaldu zutenez, “ariketa sozial masiboa” izan da eta “aldatu ditugun dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain”. Azpimarratu zuten aurtengo zailtasunek nabarmen eragin dutela bai antolakuntza mailan, baita Euskaraldiaren garapenean ere, baina herritarrek euskarari emandako babesari esker aurrera egin duela egitasmoak.

Agerraldian, Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek, Euskal Konfederazioko ordezkari Amets Lahetjuzanek, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendari Mikel Arregik eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartu zuten hitza. Gainera, bertan izan ziren antolaketan eta sustapenean parte hartu duten hainbat eragileren ordezkariak.

Bigarren edizio hau azaroaren 20an hasi eta atzo, abenduak 4, amaitu zen. Orotara, 179.780 lagunek eman dute izena; lehendabiziko edizioarekin alderatuta, 45.000 inguru gutxiagok. Adierazi zutenez, ezohiko egoerak berebiziko eragina izan du jaitsiera horretan, baina faktore guztiak aurrerago aztertuko dituzte.

Bestalde, “roletan sakontzen jarraitzeko beharra” aipatu zuten. “Oraindik ere, Belarriprest izan daitekeen jende asko dago, zenbait arrazoi direla medio Euskaraldian modu aktiboan parte hartzea erabaki ez duena”. Hurrengo Euskaraldirako zeregintzat jo dute jende multzo hori aktibatzea.

Aurten aurrekoan baino udalerri gehiagotan antolatu da Euskaraldia, eta batzordeen eta boluntarioen lana goraipatu dute: “Era guztietako entitateetan eragin eta herritarrak ariketa sozialera batzera gonbidatzen, ahalegin ikaragarria egin dute”.

Ariguneak

Euskararen erabilera handitzeko hiztunen praktikak eta ohiturak astintzeaz gain, “euskararentzako gune erosoak sortzea behar-beharrezkoa dela sinetsita”, Euskaraldiak ariguneak sortzeko proposamena helarazi zien entitateei. Gune horiek “adostasunaren ondorio direla” azpimarratu eta egoera zail hauetan parte hartzeko urratsa ematea ariketan parte hartzera ausartu izana: “Gogoan ditugu eta beraiekiko zor bat ere sentitzen dugu, ariketara batzeko egin duten ahalegina itzultzekoa”.

Argazkia: barren.eus