Udaran jarri zuen martxan Getariako Udalak Getarian.Gozatu.Kultura egitasmoa. Udaraz geroztik, horren baitan, hainbat ekintza nahiz ekitaldi antolatu ditu, eta Gabonei begira ere, egitarau zabala prestatu du. Gaur eguerdian, udaletxeko udalbatzar aretoan egin dute aurkezpena; bertan izan dira Ekaitz Esteban Kirol zinegotzia, Itziar Larrañaga Euskara eta Kultura zinegotzia, Erun Ortiz Udaleko kultura teknikaria, eta Haritz Alberdi alkatea.

Abenduaren 19an, larunbatean, egingo dira lehenengo ekitaldiak. Goizez, 11:30ean hasita, Urritza aisialdi taldeak antolatuta, Gabonetako apaingarrien tailerra egingo da. Ekintza Berdura plazan izango da, eta izen-ematea aurrez egingo dute; interesatuak urritza.ae@gmail.com posta elektronikora haurraren izen-abizenak bidali beharko ditu abenduaren 16a baino lehen.

Egun berean, abenduaren 19an, baina arratsaldez, Amoria&Dolore. Elkano, lehen mundubira dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Kresala Dantza Taldearen lan horretan 30 dantzarik intepretatuko dute Faustino Aranzabalek prestatutako koreografia. Emanaldia 19:00etatik aurrera Sahatsaga kiroldegian izango da. Sarrerak, 10 euroren truke, lehengo astetik daude salgai turismo bulegoan; “dagoeneko 100 sarrera saldu dira”, azaldu du Ortiz kultura teknikariak.

Olentzeroren etorrera

Abenduaren 24an Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo zaie. Iaz ekindako bidetik jarraituko dutela adierazi du Estebanek: “Olentzero eta Mari Domingiren etorrerari beste ukitu bat eman nahi izan genion, beste forma bat. Lehengo urtean Galtzagorriak sartu genituen, eta aurten beste pertsonaia batzuk ere sartuko ditugu”.

Modu estatiko batean planteatu dute etorrera. “Elkanoren monumentuan egingo dugu. Adinaren arabera banatutako 25 pertsona inguruko taldeak sortuko ditugu eta txandaka, alde batetik sartu eta bestetik aterako dira”. Barruan, pertsonaia desberdinak egongo dira eta Galtzagorriek kontatuko duten istorio baten bitartez, mundu “magiko” bat sortuko dutela adierazi du Haritz Alberdi alkateak. Lantalde polit bat ari omen da hori guztia lantzen, “lanerako gogoarekin” dagoen talde bat, gaineratu du Larrañagak. Ekitaldi hau, soilik, getariarrentzat izango da.

Musika, kabareta eta bizikletak

Abenduaren 26an, larunbatean, Esti eta Mikel Markezen kontzertua izango da Iturzaeta aretoan. 19:00etan hasita, Azal Berritzen euren disko berria aurkeztuko dute. Markeztarrek beste bi musikari izango dituzte lagun: Julen Alonso eta Arkaitz Miner.

Hurrengo egunean, abenduaren 27an, Esnatu naiz kabareta izango da ikusgai. Andoni Mutiloa antzezlearen lan honek antzerkia, dantza eta musika uztartzen ditu. Ortizek azaldu duenez, “Elur da protagonista, eta lantzen diren gaiak identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea dira”.

Ekitaldi sorta honetako azken emanaldia abenduaren 30ean, asteazkenean, egingo da: Funbox Factory ikuskizuna. Dirt jump eta trialsin show bat izango da. Umeei eta gazteei begirako ikuskizuna da: “Bizikletak, saltoak, arrapalak, koskak… egongo dira”, adierazi du Estebanek. 18:30ean hasita Sahatsaga kiroldegian izango da ekitaldia.

Amaitzeko, Udala Bizarzuriren eta Erregeen kabalgataren antolatzaileekin bilkurak egiten ari dela, eta horiek ere egiteko asmoa badagoela adierazi dute.

Sarrerak eta izen-ematea

Aurretik aipatu bezala, Urritzak posta elektroniko bitartez kudeatuko ditu izen emateak. Bestalde, Amoria&Dolore. Elkano, lehen mundubira ikuskizunerako sarrerak ere dagoeneko salgai daude turismo bulegoan. Gainerako ekitaldi eta emanaldietarako, ordea, abenduaren 15ean, 16:30etik aurrera, Berdura plazan jarriko dira eskuragarri sarrerak. Abenduaren 16tik aurrera, berriz, turismo bulegoan.

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerarako zein Funbox Factory ikuskizunerako nahikoa da izena ematea. Esti eta Mikel Markezen kontzerturako eta Esnatu naiz kabareterako, berriz, bost eurotan, sarrerak erosi behar dira.

 

Lotutako albisteak: