Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Iñaki Arriolak, onespena eman dio aste honetan Getariako Portua Antolatzeko Plan Bereziari. Egitasmo horren helburua da “herriko portuaren antolamendua eta zonakatzea zehaztea”.

Asmo horretan, zenbait aldaketa aurreikusten dira moilan, lur eta ur eremuei zein gaur egun bertan dauden eraikinen erabilerari lotutakoak. Hala ere, Plan Berezian argitzen denez, “helburua da portuaren forma, oro har, mantentzea, bai dikeen eta kaien egiturari dagokionez, bai eraikin, pabilioi eta abarretan dauden zerbitzu-instalazioei dagokionez”.

Lan zehatzak

Getariako portuak hurrengo urteetan har dezakeen itxuraren eta erabileraren bost proposamen jasotzen dira 2020ko apirilean idatzitako Plan Berezian. Txostenean ikus daitekeenez, horietako zenbaitek erabat aldatuko lukete egungo moila, baina portua handitzea aurreikusten zuten aukerak baztertu egin dira. Hautatutako proiektuak, hortaz, esparruaren antolamenduan esku hartzen duela “baina ur-geruzaren erabileran gehiegi eragin gabe” argitzen da txostenean: “Erantzuna ematen die arrantzako eta ur-kiroletako premiei, baina azken horiei irtenbiderik eman gabe, planaren denbora-mugan, amarraleku-eskariari dagokionez”.

“Inpaktu nabaririk” eragin gabe, “portu osoaren ingurumen-hobekuntzari mesede” egin diezaiekeelakoan, honakoak dira Plan Bereziak proposatzen dituen berrikuntza nagusiak:

Kirol portuaren azalera handitzea

Malkorbe hondartzari zati bat kendu eta 400 metro karratu inguru gehituko zaizkio kirol portuari, “ur-kiroletako beharrezko zerbitzuak antolatzeko, gaur egun egoera desegokian baitaude”. Planaren beste atal batean zehazten denez, 274 amarraleku daude Getarian, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) enpresak kudeatuta; beste 211 ontzi daude itxarote-zerrendan.

Gaur egun olatuek gune horretan ematen duten kolpea arintzeko, babes-neurriak hartzea beharrezkoa izan daitekeela aurreratzen du planak. Harri-horma edo antzekoren bat izan daitekeela aipatzen du. Horrez gain, itsas-maila igo daitekeenaren ustean, hondartzaren parean, dike handiari itsatsita, oztopo bat jartzea proposatzen du.

Gainera, eremu horretan eraikuntza berriak egiteko aukera aurreikusten da, “ur-kiroletako jardueraren zerbitzurako dauden behin-behineko eraikuntzen berrantolaketa gisa”. Azkenik, lur azpiko aparkalekua egiteko proposamena jasotzen du Plan Bereziak: hiru solairu eta 300 ibilgailu ingururentzako lekua izango luke.

Kaiaren azalera handitzea kofradiaren inguruan

San Anton azpian, Elkano Arrantzale Kofradia dagoen eremuan, lurraren azalera 200 metro karratu inguru handitzea aurreikusten da, Amabirjinaren dikearen hasierako “ibilgailu-zirkulazioa hobetzeko”. Horretarako, ur-geruzari kenduko diote lekua; “ez dio kalterik egiten ur-geruzaren eraginkortasunari”, dio txostenak.

Bestalde, dike horrek erabilera mistoa du egun eta horren osagarri modura, arrantza jarduna lehenetsita egongo den bost metroko eremua ezarriko dute. Ontziratzeak, lehorreratzeak eta zamalanek izango dute lehentasuna.

Eraikinen erabilera

Getariako portua antolatzeko planak zehazten duenez, moilan erabiltzen ez diren eraikinak birgaitzea da bere “helburu garrantzitsuenetakoa”. Horretarako, eraikinen erabilgarritasunaren azterketa egin zuten.

Horrela, azken urteetan hainbeste kezka eragin duen kofradia eta izotz-fabrika zaharrak erabilera anitzeko bilakatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Produkzio (arrantzako) eta ekipamendu jarduerak, aisialdikoak zein hirugarren sektorekoak (jatetxeak, ostatua, arrantzaren sektoreari eta transformazioari lotutakoak, ikerketa eta garapenekoak…), ontzien mantentze-lanekoak, salmenta edo horniketakoak eta antzekoak aurreikusten dira bertan. Gara litezkeen ekintzek Kostaldeei buruzko Legean araututakoa bete beharko lukete. Halaber, klub nautiko zaharraren eraikina jada ekonomia jardueretarako kalifikatutako eremuan dagoela argitzen du planak.

Tintalekuarentzat ere erabilera mistoa proposatu da, besteak beste, bela zein urpekaritza eskolak sartzeko, zein bestelakoetarako (biltegiratzea…).

Hala ere, azpiegitura horien egoera ikusita, Jaurlaritzak ez du baztertzen bota beharra: “Eraikuntza baldintzak eta beste ezaugarri batzuk ikusita, esaterako, babes-maila, haiek kontserbatzea edo, hala badagokio, eraistea erabakiko da. Eraisten badira, eraikuntza berria Plan Berezi honetako ordenantza erregulatzaileek ezarritako parametroetara egokituko da”.

Bestalde, lanek iraun bitartean, moilatik aldi baterako lekualdatu beharko diren zerbitzuak integratzeko lonja berria berrantolatzeko beharra nabarmendu dute.

Urbanizazioa

Moilan eta kirol portuan izango diren berrikuntzei lotuta, urbanizazio lanak aurreikusi dituzte, “paseatzeko eta harremanetarako eremuak direlako”.

Era berean, hirigunearen eta moilaren arteko lotura hobetzeko, Arnao Jenerala kalearen eta portuaren artean pasabide bat egokitzeko asmoa dute, “Itsas Etxe eraikinaren eta kofradia zaharraren artean eskailera bat jarrita”. Gainera, moilako eremutik kanpo, “Aldamar kalearen eta portura sartzeko errepidearen arteko desnibela gainditzeko”, igogailu bat proposatu dute txostenean.

Moilaren azpian ere, kofradi zaharraren eremuan, aparkalekua egiteko asmoa dute; hiru solairu eta 255 plaza izango ditu.

Epeak eta aurrekontu hurbilketa

Bide administratiboari jarraituz, Getariako Portuaren Plan Berezia eta honen Ingurumen Azterketa Estrategikoa jendaurrean jarri dituzte, hala nahi dutenek alegazioak aurkez ditzaten. Otsailaren 16ra arte egin ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzan. Ekarpenek eragin dezakete aldaketarik gaur egun aurreikusten den egitasmoan.

Planaren behin betiko onarpena 2021aren amaierarako espero dute, eta une horretatik kontatzen hasita, zortzi urtean egingo dituzte lanak.

Txostenak garbi adierazten du plana garatzean egingo diren proiektuetan zehaztuko dela kostu ekonomikoa, baina egitasmoa kontrata bidez gauzatzeak sor dezakeenaren hurbilketa bat egiten du: 17.491.905 euro.