2021erako hiru Bertso Egun antolatu ditu Bertsozale Elkarteak. Elkartetik azaldu dutenez, helburua “bertso plaza hauspotzen jarraitzea” da. Lehenengoa, urtarrilaren 30ean, Hazparnen (Lapurdi) egingo da; bigarrena otsailaren 13an, Iruñean (Nafarroa); eta azkena, martxoaren 27an, Getarian (Gipuzkoa) egingo da.

Getariako bertso saioa Balenciaga museoan egingo da. Hiru bertsolari arituko dira kantuan: Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Getariako bizilaguna den Uxue Alberdi. Gai-jartzailea, berriz, Maite Berriozabal izango da.

Saio horietarako sarrerak, dagoeneko, eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Dena den, San Antonetako bertso saioa pasa ondoren, getariarrentzat turismo bulegoan ere salgai jarriko dira.

Saioak internetez jarraitzeko aukera

“Ahalik eta zale gehiagorengana iritsi asmoz”, aretoetan ez ezik, Internet bidez zuzenean jarraitu ahalko dira saioak. Horiek www.bertsoa.eus webgunean emango dituzte.

Modu baterako zein besterako sarrera erosi behar da aurretik, baina ezberdinak izango dira. Txartelak www.bertsosarrerak.eus egongo dira erosgai: 12 euro balio ditu aretorako sarrerak, eta bost Internetekoak. “Bazkideek merkeago lortu ahal izango dituze (10 eta 3 euroren truke, hurrenez hurren), eta gazteek ere deskontua izango dute”.