Koronabirusaren pandemia dela eta, aurtengo San Anton egunean ez da txakolin uzta berriaren aurkezpen jendetsurik egingo. Alternatiba modura, Getariako Udalak ekitaldi desberdinak antolatu ditu; besteak beste, bertso saioa, zirkua eta antzerkia.

Urtarrilak 15, ostirala

12:00etan hasita, Getariako Naufragioak. XX. mendea liburuaren aurkezpena egingo da arrantzaleen kofradian. Udalaren eta Ana Mari Benito eta Javier Mazpule Aranzadi Zientzia elkarteko kideen artean egindako lan horrek 1900tik 2017 ingurura arte izan diren urperatzeak biltzea izan du helburu. COVID-19a dela eta, aurkezpen ekitaldiak edukiera mugatua izango du; soilik, protagonistei eta inguru hurbilari mugatuko zaio sarrera. Bestalde, turismo bulegoan egongo dira eskuragarri liburuak.

19:00etan, berriz, bertso saioa izango da Balenciaga Museoan. Aner Peritz, Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Oihana Bartra izango dira bertsolari gonbidatuak. Ane Ezenarro Getariako bizilagunak gidatuko du saioa. Sarrerak bihartik aurrera egongo dira eskuragarri, 10 euroren truke, turismo bulegoan.

Urtarrilak 17, igandea

San Anton egunez ere, beste bi emanaldi egingo dira. 12:00etatik aurrera, Sahatsaga kiroldegian, familia osoari zuzendutako Neguko Zirkua ikuskizuna izango da. Edukiera mugatua izango denez, gonbidapena dutenek bakarrik gozatu ahal izango dute emanaldiaz. Gonbidapenak, bihartik hasita, turismo bulegoan lortu ahalko dira.

Egunari amaiera emateko, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagaren eskutik, Matriuska antzezlanaren emanaldia izango da. 19:00etatik aurrera, Iturzaeta aretoan egingo da. Sarrerak, bost euroren truke, bihartik aurrera egongo dira eskuragarri turismo bulegoan.