LABI aditu taldea goizean bildu da eta Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak prentsaurrekoan jakinarazi ditu urtarrilaren 13tik aurrera ezarriko diren neurriak. Horietako asko azken asteetan ezarritakoak dira: EAEtik ateratzeko debekua, gaueko mugikortasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea, sei pertsonako taldetan biltzeko muga, ostalaritza 20:00etatik 06:00etara itxita egotea, merkataritza eta kultura jarduerak 21:00etarako amaitu beharra, kultur aretoetako edukiera %35era mugatzea, musika entsegu eta emanaldiak bertan behera uztea, eta intzidentzia-tasa 500 baino gehiagokoa duten herrietan ostalaritzako establezimenduak ixtea.

Gainera, neurri berriak iragarri ditu Sagarduik: probintziatik ateratzeko eta bertara sartzeko debekua, eskola kiroleko entrenamenduak berrekitea eta 150 metro koadrotik beherako merkataritza guneetako edukiera %60koa izatea eta handik gorako azaleretakoa %40koa.

Horrez gain, intzidentzia tasa 500 edo gehiago duten herrietan, udalerriko sarrera-irteerak debekatuko dira, baita alboko udalerrira joateko ere, eta taldeko kirol jarduerak etengo dira. Tasa 500etik behera duten udalerrietan, berriz, eskola kiroleko entrenamenduak hasi ahal izango dituzte seiko taldetan antolatuta, musukoarekin eta aldagelak erabiltzeko debekuarekin. Gainera, profesionalak ez diren dantza-taldeek entseatu ahal izango dute, antzerki-jardueretarako ezarritako baldintzekin. Bestalde, apustu etxeak berriro irekitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak.

Sagarduik adierazi du egoera epidemiologikoa “kezkagarria” dela eta berretsi du “goranzko joera dagoela”. Egoera hori baloratzeko, hiru faktore azpimarratu ditu: EAEn azken asteetan izandako intzidentziaren beheranzko joera gelditu eta gorakoa hastea, inguruko autonomia erkidegoetan eta herrialde batzuetan tasa hori handitzen joatea eta Erresuma Batuko mutazioaren zenbait kasu Euskadin agertu izanak eragindako mehatxua.

Asteazkenetik aurrera ezarriko diren neurriak 20 egunez egongo dira indarrean, gutxienez.