Urte amaieran adostu zituzten Europar Batasuneko estatu kideetako arrantza ministroek 2021eko arrantza kuotak. Ezarritako kantitate horiek Getariako arrantzaleengan zein eragin izango duten galdetu diogu Emeterio Urresti Kofradiako presidenteari. ARTZAPEri azaldu dionez, orokorrean, joan den urteko kuotekin alderatuta, aurtengoak antzekoak izango dira.

“Itsasoan hegaluzea badagoela ikusita, gure eskaera nagusia, kuota pixka bat handitzea izan da”. Urrestik aitortu duenez, abuztu bukaerarako edo erdirako kuota bukatu eta portuan egotea “gogorra” egiten zaie arrantzaileei. Azkenean “milioi bat kilo gehiago harrapatu ahalko ditugu; ez da asko, baina bada zerbait”. Zimarroia arrantzatzen utziko dietenaren esperantza ere badu Kofradiako presidenteak.

Antxoaren biomasa ondo dagoenez, espezie hori arrantzatzeko kuota ere “zerbait handiagoa izango da”. Berdelarena eta txitxarroarena, berriz, “pitin bat txikiagoa”. “Lehengo urtean, Bizkaiko Golkoa, arrantzatzen ibiltzen garen lekua, egoera onean utzi genuen, eta aurten ere halaxe bilatzea espero dugu”, gaineratu du Urrestik.

“Brexit”aren eragina

“Ez digu gehiegi eragingo” aitortu du presidenteak. Izan ere, “arrantzatzen dugun lekua Erresuma Batuko uretatik kanpo dago. Alturako arrantzan izango du eragin handia, haiek ur ingelesetan egiten baitute lan”.

Urrestik adierazi du harrapatzen dutenaren %80a kontserba fabriketara bideratzen dutela. “Freskoan arrantzatzen dugunaren %20 inguru merkaturatzen dugu, baina gainerakoa kontserbarako edo izozteko erabiltzen da”. Beraz, ostalaritzaren itxierek ez diete zuzenean eragin. Bestalde, arrainaren kontsumoari begira, presidenteak adierazi du “beti aldarrikatu izan dugu zentro sozialetan, jantokietan, eskoletan… gure arraina sustatzea”.