Astelehenean, hilaren 18an, jarriko da martxan Euskal Eskola Publikoetan matrikulazio kanpaina; hala, baita Getariako Iturzaeta Herri Eskolan ere. Izen-ematea eskolako idazkaritzan egin beharko da, urtarrilaren 29a baino lehen eta 09:00etatik 17:00etara bitarteko ordutegian.

Matrikulazioa egin ahal izateko ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar da: ikaslearen eta bere gurasoen edo tutorearen familia-liburuaren fotokopia; gurasoen edo tutorearen NANaren fotokopia (AIZrena atzerritarren kasuan); bizikidetasun-egiaztagiria; eta familia banandua edo dibortziatua izanez gero, berezko protokoloa bete izanaren agiria (ezkonkide ohiaren baimen-idatzia, ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria etab.).

Bestalde, ikastetxea ezagutzeko ate irekiak egingo dira urtarrilaren 23an, 10:00etatik 12:00etara. Segurtasun eta prebentzio neurri modura, aurrez hitzordua eskatu beharko dute interesatuek 943 140 729 telefonora deituta edota iturzaeta@hezkuntza.net posta elektronikora mezu bat bidalita.