Pandemiak ez du bertan behera utzi emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzea helburu duen lasterketa; hala ere, aurtengo Lilatoia berezia izango da. Lilaton, aurten ere ON! lelopean, lasterketa, aurrez aurre beharrean, birtualki egingo da. Lau modalitate izango dira aukeran: korrika, oinez edo ibilketa nordikoan, patinetan eta eskuzko bizikletan.

Atzo zabaldu zuten izena emateko epea, eta martxoaren 4an, 23:55ean, amaituko da. Izen-ematea Lilatoiaren webgunearen bitartez egingo da. Lasterketan parte hartzeko lau euro ordaindu behar dira; kamiseta ere eskuratu nahi izanez gero, berriz, 11 euro. Martxoaren 1etik 8ra bitarte jaso ahal izango da kamiseta Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Irunen, Tolosan, Eibarren edo Zumarragan, eta, horretarako, otsailaren 21a baino lehen eman behar da izena. Zazpi euroren truke nahi adina kamiseta erosi ahal izango dituzte korrikalariek.

Bost kilometroko ibilbidea

Parte hartzaileek bost kilometroko ibilbidea nahi duten lekuan egin ahal izango dute; betiere, “altimetria neutroak bilatuz parte hartzaile guztien arteko baldintza berdintasuna bilatzeko”. Ibilbidea egiteko lau eguneko epea izango dute: martxoaren 5eko 06:00etatik, martxoaren 8ko 23:00etara.

Mugikorreko aplikazio baten bidez jasoko dituzte denborak antolatzaileek, eta hala osatuko dute sailkapena. Aplikazioa deskargatzeko eguna kanal ofizialen bitartez laister iragarriko dute. Taldeka ere parte hartu ahal izango da. Hamar kirolari artekoak izango dira taldeak, eta hortik gorakoa osatu nahi dutenei antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu diete, posta elektronikoz edo WhatsAppez 652 754 558 telefono zenbakira idatziz.

Argazkia: festak.com