Pandemiak lurraldeko lehen sektorean eragindako kalteak arintzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 893.074 euroko dirulaguntza zuzenak bideratu ditu Gipuzkoako 290 ustiategitara. Ondorengo azpisektoreei eman zaizkie laguntzak: artzaintza, sagardoa, txakolina, nekazalturismoa, lore-mozketa eta zezenketa ustiategiak.

Txakolinaren kasuan, 115.405 euro banatu dira 26 ekoizleren artean; hau da, laguntzen %12,9a. Horrez gain, COVID-19ak txakolinaren sektorean sortutako galerak direla eta, aldundiak mahatsa biltzeko laguntza bereziak emango dizkiete. “Helburua Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenean izena eman duten mahastizainek mahats bilketa kanpainarako sasoikako langileak kontratatzeko baldintza egokiak bete ahal izateko laguntzak ematea da”. Deialdi honetarako hasierako aurrekontua 100.000 eurokoa zen, baina eskaera kopurua dela eta, 168.284 eurora igo dute. 23 mahastizainek egin dute eskaera eta bakoitzak, lan egindako egun bakoitzeko, 25 euroko laguntza jasoko du.

Gainerakoan, dirulaguntza handiena, 323.336 euro (%36,2a), ardi eta ahuntz azienden ustiategietara bideratu da. Aldundiak azpisektore horretatik jaso ditu eskaera gehien; zehazki, 141 onuradun izan dira. Sagardo ekoizleentzat 237.460 euro, laguntzen %26,6a; kasu horretan, 52 izan dira onuradunak. Nekazaritza-turismora, berriz, laguntzen %19a bideratu da. Bestalde, sei zezen ustiategik 24.050 euro jaso dituzte; hau da, laguntzen %2,7a. Azkenik, landare apaingarrien bost ustiategik laguntzen %2,6 jaso dute (23.250 euro).

Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak adierazi duenez, aldundiak sektoreko eragileei laguntza eskaintzen jarraituko du aurrera egiteko. “Badakigu une zail hauetan laguntzak beharrezkoak direla eta, horregatik, 2021ean ildo beretik jarraituko dugu. Aldundiak jarraipen berezia egingo die pandemiak eragindako ondorio negatiboei, berehala jardun ahal izateko eta lehen sektore indartsu eta dinamiko baten etorkizuna bermatuko duten laguntza plan eraginkorrak eskaintzeko. Izan ere, krisi honek agerian utzi du jardueraren garrantzi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa”.