Igandean, urtarrilaren 17an, 2020ko txakolinaren uztaren aurkezpena egingo da. Pandemia tarteko, ordea, ekitaldia edukiera mugatuarekin eta Balenciaga Museoan egingo da; soilik, administrazioko ordezkariek, upategiek eta hedabideek hartuko dute parte. Hala ere, urtero bezala, Mahasti Jaun bat izendatuko dute. Getariako Txakolinak jakinarazi duenez, “pandemia honetan egin duten eta egiten jarraitzen duten lanagatik eta mahats bilketa zail batean emandako laguntzagatik”, aurten Osakidetzak jasoko du izendapen hori.

“Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektorearen eta administrazioaren artean akordioa lortu ondoren, asko lagundu ziguten Getarian mahats bilketa baino lehen 750 PCR inguru egiten”. Izan ere, mahats bilketa hasi aurretik, bi egunetan zehar, upategiko langile finkoei eta sasoikakoei PCR testak egin zizkieten, positiborik ez zegoela baieztatzeko. Horren harira, eskerrak eman nahi izan dizkiete, bereziki, Donostialdea ESIko eta DYAko langileei.

Aurtengo uzta, aurrekoa baino hobea

Getariako Txakolina Jatorri Deitura duten 34 upategiren artean 4.353.000 kilo mahats jaso zituzten joan zen urtean –2019an baino %30 gehiago–. Kantitateari eta kalitateari dagokienez “urte aparta” izan dela adierazi dute, “osasun-kalitate oso ona duen mahatsa lortu da”. Orotara, 3.000.000 litro txakolin ekoiztu eta 3.900.000 botila inguru merkaturatu dituzte.

Mahats bilketetan koronabirus kutsatze arazorik ez dutela izan azaldu dute. “Sasoikako langileak kontratatu dituzten upategiek eta mahastizainek beharrezko neurriak hartu dituzte lantaldeak bereizteko: koloreen arabera, guraize indibidualak, banakako ur botilak, musukoak, gel hidroalkoholikoak…”.

Urte gogorra aurretik

Ostalaritza establezimenduak eta hotelak ixtearen ondorioz, 2020. urtean zehar, txakolina merkaturatzea “zaila” izan da. “Upategi batzuek bide horietatik merkaturatzen dute %100a, beraz, horiek azaroan ixteak eta Gabonetako kanpaina eteteak merkaturatzearen beherakada handia ekarri dute”.

Hala ere, etorkizunak kezkatzen ditu gehiago Getariako Txakolina Jatorri Deiturako ordezkariak: “Arazo nagusia 2021ean etorriko da”. 2020ko uzta handia izan da, eta esportazioei dagokionez, nahikoa geldirik daudela eta, aurreko kanpainarekin alderatuta, jaistea aurreikusten dute. 2018-2019 eta 2019-2020 kanpainetan antzeko kopurua esportatu zuen Getariako Txakolinak: 423.000 litro, 560.000 botila inguru (ekoizpenaren %15a gutxi gorabehera). Esportazio gehienak AEBetara (esportazio osoaren %50a), Frantziara eta Japoniara, eta herrialde nordikoetara egiten dituzte.

Egoera horren berri eman zuen Ruth Mozo Getariako Txakolineko idazkariak ARTZAPEko Joandako 2020ari atalean: