Falta diren arrantzale guztien omenez, isilune batekin hasi dute liburuaren aurkezpen ekitaldia. Getariako Kofradian egin den aurkezpenean, erakundeetako ordezkariez gain, liburuaren bi egileak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ana Mari Benito eta Javier Mazpule, eta 60 herritar inguru izan dira. Segurtasun neurri modura, ekitaldia itxia izan da, eta soilik proiektu horren gertuko inguruneak izan du bertara joateko aukera.

Liburuaren izenburuak berak dioen bezala, Getariako Naufragioak XX. mendea, azken ehun urteetan Getariako kostaldean eta inguruko uretan izandako hondoratzeak biltzen ditu; era berean, baita itsasontzi getariarrek beste kostalde batzuetan izandako naufragioak ere. Mazpule proiektuaren jatorriaz mintzatu da: “2017an, egiten ari ginen antzeko proiektu baten harira, Getariako udal ordezkariekin eseri ginen. Alkateari gaia gustatu eta proposamen bat egin zigun, hain zuzen, Getariako kostan edo Getariako itsasontziek edo eskifaiek beste eremu batzuetan izandako naufragioak aztertzea”. Behin eta berriz aipatu dute Floren Iribar proiektu honen motor garrantzitsu modura; Benitoren hitzetan, Iribar izan da ekimen horren “alma mater-a”.

Mazpule berak aipatu du, hasiera batean, ez zutela espero horrenbeste naufragio aurkitzea: “Pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago agertzen hasi ziren, eta ikusi genuen argitalpen bat egiteko adina informazio bazegoela”. Benito eta Mazpule naufragio desberdinetan hildako herritarren familiakoekin bildu dira, eta liburuan horien testigantzak ere agertzen dira. Ondoren, “Getariako Udalaren, Elkano Kofradiaren eta Getariako Itsas Barrutiko Artxiboaren dokumentazioarekin osatu dugu”, dio Benitok. Gainera, argazki eta marrazkiekin osatu dute testua.

Historia paperean gordeta

Liburu horrek “altxor” bat gordetzen duela aitortu du Benitok: “Zuen historia hunkigarria da. Liburu hau zuena da, ez da gurea. Zuengandik jasotako testigantzei zein informazioari esker egina. Zuek bizitako pasarteei itxura ematea besterik ez da izan gure lana”.

Bere hitzartzean, Haritz Alberdi alkateak memoria kolektiboa aipatu du: “Pertsonak, familiak zaudete istorio hauen guztien atzean. Baina, aldi berean, Getariako herria dago istorio hauen guztien atzean, eta bizipen hauen guztien oinarrian”. Ildo beretik, Emeterio Urrestik, Getariako Kofradiako presidenteak, azaldu duenez, “liburu honen helburua da herriko gertaeren eta itsasgizonen inguruko memoria edukitzea”.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak horrelako ekimenak interesgarriak izateaz gain “ezinbestekoak” direla azpimarratu du. “Zoriontzekoa da horrelako ekimena aurrera eramatea. Azken finean, liburu horretan jasota gelditzen dira urteetako gertakariak. Behin liburuan jarrita, gerorako ere hor gelditzen dira”.