Pandemiak behartuta, Getariako Txakolinaren 2020ko uzta aurkezteko ekitaldia itxia izan da aurten. Cristobal Balenciaga Museoan bildu dira zenbait erakundetako ordezkariak, txakolindegietako arduradunak eta komunikabideak. Sarreran adierazi duten bezala, datorren urtean berriro denak plazan elkartzeko itxaropenez egin dute gaurkoa.

Mahastizainei eta upategietan lan egiten dutenei eskainitako txaloekin hasi da ekitaldia. 2020ak mahats “zoragarria” eman duela azaldu dute, eta hala berretsi du Emilio Ostolaza Getariako Txakolina Jatorrizko Deiturako presidenteak: “Uzta aldetik, kantitatez eta kalitatez, urte biribila izan da. Uztailean izan genuen mildiu agerraldi txiki bat baina berehala moztu genuen, eta mahats urte handia izan da”.

Hala ere, 2021. urtea “zail samarra” izango dela aurreratu du. Getariako Txakolinak iaz baino %30 gehiago ekoitzi du eta esportazioekin zer gertatuko den ikusi zain daude: “Nahiko geldirik dago baina esperantza badugu”.

Udalak esker ona Osakidetzari

Haritz Alberdik aurten Mahasti Jaun izendatutako Osakidetzarentzako esker hitzak izan ditu. “Uste dut ondo merezitakoa dela”, azaldu du eta gogora ekarri du, egunerokotasunean jasotakoaz gain, uztailean baheketa masiboan nahiz mahats bilketa egin aurretik upategietako langileei PCR probak egiteko emandako laguntza. “Garbi daukat profesional onez osatutako osasun sistema publikoa daukagula eta hori zaindu, goxatu eta babestu egin behar dugula ezinbestean”, gaineratu du.

Bestalde, azpimarratu du txakolina Getariaren adierazgarrietako bat dela, moila edo itsasoa bezala, eta pisua duela jarduera ekonomikoan, harremanetan zein historian. Pandemiak sektorea kolpatu duen arren, Alberdik konfiantza du eta uste du jakingo duela aurrera egin eta garai berrietara egokitzen.

Kontsumitzaileei deia

Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendariak, eskerrak eman dizkio Getariako Txakolinari egoera honetan aurkezpen ekitaldia egiteagatik zein txakoingileei ekoizpenarekin jarraitzeagatik. Horretan lagungarri izan den sektoreen arteko elkarlana izan du hizpide, eta besteak beste, Aldundiak emandako dirulaguntza bereziak eta gauzatutako kanpainak gogoratu ditu.

Era berean, kontsumitzaileei dei egin die: “Txakolina beharbada ez da gaitzari aurre egiteko txertoa izango, baina bai bizipoza emateko. Uste dut txertoa beharrezkoa den bezala, txakolina ere beharrezkoa dugula bizipoz hori emateko. Kontsumitzaileak kontziente izan behar du berarentzat bizipoza den bezala, txakolina kontsumitzea gaizki pasatzen ari den sektore honi laguntzeko modu bat ere badela”.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Igurumen sailburuak ere aitortza egin die txakolingileei, “COVIDak ekarri duen ziurgabetasunari aurre egiteko” gai izan direlako.  Getariako Txakolinak denboraldiko langileen harira egindako eskariari esker, Osakidetzarekin eta osasun sailarekin lana aldez aurretik egin zela azaldu du eta “beste autonomia erkidego batzuekin alderatuta, eredugarria izan da”. Osakidetzak jasotako Mahasti Jaun izendapena, beraz, “oso merezia” duela adierazi du.

Merkatuari dagokionez, berriz, sailburuak nabarmendu du pandemiaz harago begiratu eta txakolinak nazioartean egiten ari zen bideari jarraitu behar diola: “Txakolinak bide ikaragarria dauka eta oso urruti dagoen arren, adibidez, Japoniako merkatuak gure txakolina balioan jarri eta asko miresten du. Jarri dezagun begia oraingo arazoetan, noski, baina pixka bat altxatu eta etorkizunera begira dezagun beti egin duzuen bezala”.

Mahasti Jauna

Irailean mahats bilketari ekin aurretik, 750 langileri egin zien PCR proba Osakidetzak; “egindako lanagatik eta egiten ari denagatik” izendatu dute Mahasti Jaun. Era berean, Getariako Txakolinak esker ona adierazi die DYAri eta Donostiako ESIri. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jaso du Manuel Alberdik egindako eskultura. Bai berarentzat bai ekitaldian zegoen Rosa Perez Osakidetzako zuzendari orokorrarentzat saria jasotzea “ohorea” dela adierazi du.

Denboran atzera eginez, egindako PCR probez gain, txakolindegiek martxan jarritako lan eredu berria (taldetan banatuta, langile bakoitzak bere guraizeak erabilita…) azpimarratu du: “Laguntza eskatu zeniguten, ematen ahalegindu ginen, baina zuek ere asko jarri zenuten. Elkarlanean aritu ginen”.

Txakolinaren merkaturatzean zorte ona opatu die Sagarduik. Aldi berean, ordea, pandemia gelditzeko laguntza eskatu die: “Oraindik egoera kezkagarrian gaude eta hemendik ateratzeko guztion artean egin beharko dugu”. Horretarako, prebentzio neurriak mantendu eta aldarrikatzeko esan die.

Dantzariak Mahasti Jaunari eskainitako aurreskuaren ondoren, zerbitzariek politikariei eta upategietako ordezkariei kopa bana eman, kolorea aztertu, burbuilak begiratu, usaindu, “intentsitate altuko txakolina” dastatu eta, Gora Getariako Txakolina oihua entzunda, edan dute uzta berriko lehen txakolina.