Ikasketak eta lana tarteko, Bartzelona du bizileku Xabier Isasti getariarrak. Kataluniako hiriburuan dagoen IED Escola Superior de Disseny unibertsitatean ari da diseinu grafikoko ikasketak egiten; gaur gaurkoz, hirugarren mailan dago. ARTZAPEri aitortu dionez, datorren astean aurkeztu behar dituen hainbat lan direla-eta lanpetuta dabil, baina gustura dago.

Egindako lana ari da bere fruituak ematen; hain zuzen, Isastik, unibertsitateko ikaskide Jonatan Torreblancarekin batera, RedBull Basement lehiaketan parte hartu du, eta euren proiektua finalistetako bat izan da. Orotara, 3865 proiektu aurkeztu ziren lehiaketara, eta epaimahaiak 38 finalista aukeratu zituen. Isasti eta Torreblancarena Espainiar Estatuko lan aukeratua izan zen. Lava Aqua X proiektuarekin Erresuma Batuko bikote bat izan da irabazlea; horiek birziklatutako ura erabiliz funtzionatzen duen garbigailu bat diseinatu dute.

Zertan datza zuen proiektua?
RedBull Basement lehiaketako gaia “nola hobetu unibertsitarioen bizitza gaur egun” zen. Guk deskonektatzeko alternatiba bat aurkeztu genuen, Offland. Nola diskotekak itxita dauden eta festibalik ez dagoen, errealitate birtuala erabiliz plataforma bat proposatu genuen. Hala, gure plataformak munduko edozein lekutatik festibat batean egoteko aukera eskaintzen zuen.

Aurkeztu genuen, eta hasieran, txapelketan sartzeko aukeratu gintuzten. Gero, bozketa bitartez, Espainia mailan 23 finalista ateratzen ziren, eta finalista bezala sartu ginen. Ondoren, epaimahaiak Espainiako irabazle izendatu gintuen. Azkenik, hemen, Bartzelonako hotel batean, gure lana nazioartean aurkeztu genuen abenduan.

Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ona, ez genuen iritsi garen tokira iristerik espero. Hasieran, txapelketan parte hartzeko aukeratu gintuztenean harrituta geratu ginen. Gero finalista ginela esan zigutenean oraindik eta gusturago, eta azkenik, Espainiako finalistak ginela esateko deitu zigutenean, hori ikaragarria izan zen.

Beste proiektuak ikusteko aukerarik izan al duzu?
Guk lau egunetan aurkeztu genuen proiektua. Gaur egungo egoeragatik, “online”, eta lehen esan bezala, Bartzelonako hotel batetik. Baina, estatu bakoitzeko finalistak konektatuta egon ginen eta elkarren proiektuak ikusten aritu ginen. Berez, aurkezpen hau Tokion (Japonia) egitea zen asmoa, baina egoeragatik ez da posible izan. Orduan, Bartzelonan plato moduko bat jarri ziguten, eta han, “online” aurkeztu genuen gure proiektua beste estatuko finalistekin batera.

Zer garrantzi du horrelako lehiaketa bateko finalista izateak?
RedBull bezalako marka ezagun batek egindako lehiaketa batean irabazle izatea guretzat oso ona izan da. Orain, RedBullek dokumental bat aterako du, otsaila bukaera aldera uste dut, estatu guztietako irabazleekin. Nik uste dut, komunikazio aldetik, horrek ere eragina edukiko duela eta ondo etorriko zaigula.

Orain zein da zure asmoa?
Aurten ere ari naiz proiektu batzuk egiten, eta nik uste unibertsitateak bakarren bat aurkeztuko duela lehiaketaren batera. Momentuz, hurrengo asteko lanak prestatzen ari naiz.

Argazkia: Adria Moles