Haritz Alberdi alkateak esker hitzekin ekin zion atzoko udalbatzarrari. Hain zuzen, Markos Aizpururi, Udaleko idazkariari, eman zizkion eskerrak: “Gauzak on bidean, hau zure azkenengo plenoa izango da. Eskerrik asko egindako lan guztiagatik”. Jarraian, kontroleko zatiko gaiak onartu eta alderdi erabakitzaileko bost puntuei heldu zioten.

Jorratutako lehenengo hiru puntuek Makibar bezala ezaguna den eremuarekin dute zerikusia. Alkatearen azalpenen arabera, lursail horietan arau subsidiarioek jasotzen dutena eta errealitatean dena ez datoz bat. Horregatik, “eremu pribatu batzuk esku publikoetara pasatzen ari gara”. Udalak adostasuna lortu du Cristobal Balenciaga kaleko 1., 3., 5., 11. eta 13. eta Lormendi Aldapako 2. zenbakiko bizilagunekin. Hala bada, eraikin horien inguruko lursailen jabetzaren eskualdaketa egitea bozkatu zuten. Udalbatzako kide guztien baiezko botoarekin, ahobatez onartu ziren hiru puntuak.

Gerakinen zati bat zorra ordaintzeko

Aurtengo aurrekontuan eragina duen kreditu aldaketa izan zen udalbatzarreko gai eztabaidatuena. Nahia Iturbek, Ogasun zinegotziak, hartu zuen hitza lehenengo eta kreditu aldaketa 2008ko mailegua kitatzera bideratuko litzatekeela azaldu zuen: “2020ko gerakinetatik 153.351 euroko kreditu aldaketa proposatzen da. Horrela, urtero-urtero, 50.000 euro inguru gehiago izango genituzke beste gauza batzuetara bideratzeko”. Udalak 2020ko aurrelikidazio bat egin du, eta horren arabera, gerakinetan ia 500.000 euro geratuko lirateke. Iturbek gaineratu zuen, hau dena kudeake on baten emaitza gisa ikusten duela.

EAJko alderdi buruak, Aitor Urrestik, 2008an eskatutako 737.000 euroko kredituarekin 29 proiektu egin zituztela esan eta guztiak aipatu zituen. Tartean, hauexek: “Lormendi eta Herrerieta kaleko urbanizazio lanak, Bista Onako eskailerak, kiroldegiko armailak, herri eskolako jangela handitzea, Lormendiko eskailera mekanikoak eta Berdura Plazaren itxiera”. Ondoren, EH Bilduri galdegin zion ea kreditu aldaketa honen ondoren, udalak posible izango lukeen aurtengo aurrekontuan dauden inbertsio guztiei aurre egitea.

Ibon Gereka EH Bilduko bozeramaileak aurrekontuan zehaztutako sarrerekin eta gastuekin inbertsioak bermatuta daudela adierazi zuen. Hala ere, zenbait inbertsio dirulaguntzek baldintzatzen dutela eta kasu horietan, laguntza horien mende daudela gaineratu zuen. “Dirulaguntza horiek ez badatoz, inbertsio hori edo ez da gauzatzen, edo gerakinetik diru gehiago hartu beharko dugu”. Haritz Alberdi alkateak azpimarratu zuen dirua aurreikusi bezala erabiltzen saiatuko direla, “baina dena ez dago gure gain”.

Inbertsioetara zuzendu daitekeen dirua zorra ordaintzera bideratuko litzatekeela eta, kexu azaldu zen Urresti: “Horrek esan nahi du, dirulaguntza ez badugu lortzen, guk bultzatu ditugun aurrekontu horietako proiektuak ezingo ditugula bideratu. Ari gara dirua zorrak kitatzeko erabiltzen, eta nik uste kantitate horrekin, adibidez, Haitze kalearen konponketa lanak egiteko emango lukeela”. Nahia Iturbek adierazi zuenez, “kreditu aldaketarekin edo kreditu aldaketa gabe ezin dugu aurrekontuan zehaztutako proiektuak egingo diren bermatu. Izan ere, onartu genituen aurrekontuak dirulaguntzen menpe daude”.

Hala, EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJko ordezkarien bost abstentziorekin, kreditu aldaketa egitea onartu zuten.

Elkano Mundubira Espazioa

Udalbatzak ahobatez onartu zuen Tonpe Getariako Guraso Elkartea eta Lagunak elkartearekin hitzarmena sinatzea. Alkateak hitzarmen hori zertara datorren azaldu zuen: “Zarautz Jauregia bezala ezaguna den eraikina herriaren, udalaren, eraikina da. Bere garaian guraso elkartearena zena baina dohaintzan herriari utzi ziona”. Kale Nagusiko 40 eta 42 zenbakia duten eraikinak dira guraso elkarteak udalari emandako jabetzak; trukean, eraikina noizbait berrituko balitz, 40ko zatia beraiek erabiltzeko izango zela adostu zuten.

Elkanoren mundubiraren urteurrenaren harira, “eraikin hori eraberritzeko proiektu bat ari gara idazten. Aurreproiektu bat idatzi genuen eta Aldundiari aurkeztu genion. Aldundiak bere babesa eman zigun proiektu arkitektonikoa idazteko. Basque Tourri ere aurkeztu genion eta eurek ere beren babesa eman ziguten proiektu museistikoa idazteko”, adierazi zuen Alberdik. Beraz, momentuz, proiektua idazten ari dira, eta hasiera batean, Elkano Mundubira Espazioa izena jarriko liokete.

Ekimen hori aurrera eraman ahal izateko, ordea, guraso elkarteari bere zatiaren erabilpenari uko egitea proposatu diote, “baina udalak konpromisoa hartzen du herriko beste txokoren batean, edo hor bertan, lokala izango duela beti”. Hitzarmenak guraso elkarteak egindako beste proposamen bat ere jasotzen du; hau da, herriko elkarte eta eragileentzat eraikinaren azkenengo pisua gela anitza bihurtzea.