Donostiako Klub Nautikoan aurkeztu zuten atzo Elkano battela, xumea baino gurea kontakizun eta musika ikuskizuna. Koldo Amestoy kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak, Kepa Elgoibar musikariak asmatu eta landutako sorkutza da. Helduei zuzendutako emanaldia da, eta hain zuzen, Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen lehen mundu biran dago inspiratuta.

Sortzaileekin batera, atzoko aurkezpen ekitaldian izan ziren EKE-ICB Euskal Kultur Erakundearen zuzendari Pantxoa Etchegoien eta Elkano Fundazioaren proiektu koordinatzailea den Rafa Zulaika. Izan ere, bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten iazko maiatzean, literaturaren eta musikaren bidez zenbait arlori buruzko ezagutza sustatzeko helburuarekin: Elkanori eta lehen mundu birari buruzkoa batetik, eta bestetik, garai hartako testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzkoa. Hain justu, hitzarmen horren emaitza da aurkeztu berri duten ikuskizuna.

Orain arte, Koldo Amestoy, Nerea Alberdi eta Kepa Elgoibar ez ziren inoiz proiektu artistiko batean elkarrekin aritu. Alberdi zinemarako eta arte eszenikoetarako musika sortzen aritzen da normalean, eta ahozko kontakizunei laguntzeko musika konposatzen duen lehenengo aldia da honakoa. Bilboko konpositoreak azaldu duenez, “izugarri gozatzen” ari da. Amestoyren hitzetan, “nahiz eta elkar ezagutzen ez genuen, biok dugu lankidetzan aritzeko eskarmentua, eta berehala ulertu genuen elkar eta dena oso erraz joan da”.

“Elkanoren itsasbideari jarraituz, sekula entzun gabeko kontakizun eta kondaira batzuk aurkitu nituen, eta haietan oinarrituta kontakizuna antolatu dut”, azaldu du kontalariak. Alberdik, berriz, kontakizuna lotu eta girotzeko “hainbat lekutako kutsuak” dituen partitura bat garatu duela azaldu zuen. Agertoki gainean, Kepa Elgoibarrek musikarekin eta abestiekin “aberastuko” du ikuskizuna.

Estreinaldia Getarian

Pandemia tarteko, sortzaileek elkartu ezinik garatu behar izan dute lanaren zati handi bat. Baina jada, martxoan Getarian egingo den estreinaldirako, elkarrekin entseatzen hasi dira. Egun horretan, 2019ko irailean egin zen Elkanoren itsasoratzea jaialdian bezala, lehen mudu birarekin zerikusia izan zuten euskal udalerrien arteko loturak estutzea lortu nahi dute. Duela ia bi urte egindako jaialdi hartan, orain dela 500 urte Magallaes-Elkano espedizioa abiatu zenekoa oroitu zuen Getariak, eta erakundeen ordezkariek Itsasoratze Ituna sinatu zuten. Testu hartan, euskal herritarrek espedizio hartan izandako garrantzia azpimarratzen eta itsasoa gure kulturaren parte eta herrien arteko zubi dela aldarrikatzen zen.

Apirilean, Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizuna Iparraldera eramango dute. “Itsasoarekin lotura estua duten lekuen artean elkarlanerako sareak sortzeko, sortu zen une beretik uste izan du Elkano 500 Fundazioak Iparraldearekin lankidetzan aritzea aukera bikaina dela”.

Argazkia: Elkano Fundazioa