Hastear da euskaldunen aplikazio arrakastatsuenaren denboraldi berria. Zortzi aste iraungo dituen seigarren denboraldi hau, bihar, otsailaren 1ean hasi eta Aste Santuetan amaituko da. Aurreko denboraldien ildo beretik jarraituko du honako honek ere. Hau da, parte hartzaileek egunero hamar galdera erantzun beharko dituzte ahalik eta ondoen eta denbora gutxien erabiliz. Bi aldagai horien arabera, lehiakideek puntuazio jakin bat jasoko dute. Ondoren, puntuazio horren arabera postu bat edo beste eskuratuko dute sailkapen orokorrean.

Elkar Dendek babestuko dute denboraldia. Hala, denboraldi amaieran, Elkarren eskutik sariak izango dira lehen hiru sailkatuentzat: 150, 100 eta 50 euroko erosketa bonoak. Era berean, zozketa bidez, 50 euroko beste bi bono emango dituzte Elkar Dendetan erabiltzeko.

Euskal Herri osoko herritarrak harrapatu ditu Egunean Behin jokoak, baita getariarrak ere. Horren adierazle da Artzape Euskara Elkartetik sortu genuen Getaiarrak taldean, gaur gaurkoz, 249 partaide egotea. Zuk ere taldeko kide izan nahi baduzu jarraitu ondorengo pausoak:

  1. Egunean Behin aplikazioa deskargatu.
  2. Zure profila sortu.
  3. “Taldeak” atalera joan.
  4. “+” ikurra sakatu.
  5. “Talde batean sartu (giltza erabiliz)” sakatu.
  6. Taldearen gakoa idatzi: E9529F

Gu lehiatzen hasteko prest gaude, eta zu?

Argazkia: aiaraldea.eus