Joan den urtean, Goiener Taldeko eta Nafarkoop energia kooperatibako bazkide egin zen Getariako Udala, besteak beste, ingurumena errespetatzen duen eta bidezkoa den energia-eredura igarotzeko. “Energia-eraginkortasunerako bidean beste urrats bat emate aldera”, Nafarkoopekin jarri zen harremanetan udala. Hala, hitzarmen bat sinatu dute eta, datozen asteetan, autokontsumo elektriko batzuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dituzte.

Ikerketak ondorengo puntuak barne hartzen ditu: udal-titulartasuna duten 32 hornidura elektrikoen azterketa; behar energetikoak asetuko lituzketen autokontsumo bakaneko edo partekatuko instalazio aukeren azterketa (besteak beste, eguzki instalazio fotovoltaikoen kokapena nahiz eguzki-irradiantziaren analisia, eta aukeratutako kontsumo-puntuen kokapenaren azterketa); eta, proposamena bideragarria izan daitekeen ikusteko, bideragarritasun azterketa.

Nafarkoopek ikerketaren ondorioak biltzen dituen memoria egingo du, eta aurrerantzean, udalarentzat huraxe izango da egin beharreko urratsen oinarria. Ikerketa lanak bi hilabete iraungo du, eta 3.374,69 euroko aurrekontua izango du. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo honekin lotuta urtero atera ohi dituen dirulaguntzen eskaera egingo du Udalak.

Eredu aldaketa helburu

Goiener Taldea eredu energetikoa aldatzearen alde diharduen kooperatiba da, irabazi asmorik gabekoa. Bazkideei %100 energia berriztagarria saltzen die, eta energia berde propioa sortzen du. Nafarkoop kooperatiba, bestalde, energia berriztagarrien proiektuetan inbertsioak egiteko sorturiko lanabes juridikoa da, eta Goiener Taldearen baitan sartzen da.