Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) aurten ere antolatu ditu udalerri euskadunetako gazteentzat topaketak, aurtengoa laugarren edizioa izango da. Salto! da ekimenaren izena eta 14-18 urte arteko herritarrei bideratutako proiektua da. Uematik azaldu dutenez, urteroko topaketa hauen helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea”. Iaz, COVID-19ak eragindako larrialdi egoera dela eta, bertan behera geratu ziren topaketa horiek.

Parte hartzaileek ekainaren 28tik uztailaren 4ra Zumaitik Lekeitiorako bidea oinez egingo dute. Ibilbidean zehar, kontzertuak, kantaldiak, jolasak, solasaldiak… egingo dituzte. “Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da”. 50 gaztek parte hartu ahal izango dute topaketetan; kopurua gaindituz gero, lurraldetasuna, genero irizpidea eta izena emateko ordena hartuko dituztela kontutan azaldu dute antolaitzaileek.

Izena emateko epea martxoaren 31n amaituko da. Interesatuek izen-ematea egiteko hiru aukera hauexek dituzte: UEMAren webgunean dagoen galdetegia beteta, 943 816 699 telefonora deituta edo datuak hezkuntza@uema.eus helbide elektronikora bidalita. Eman beharreko datuak ondorengoak dira: izen-abizenak, helbidea, herria, posta kodea, jaioteguna, kontakturako telefonoa eta helbide elektronikoa.

Begirale eta sukaldari bila

Topaketetarako, begiraleak eta sukaldariak ere behar dira, eta horiek hautatzeko prozesua abiarazi du Uemak. Hemen klikatuta ikus daitezke hautatzeko prozedura eta baldintzak. Interesatuek martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute curriculuma Uemaren posta elektronikora. Ondoren, apirilaren 15erako jakinaraziko zaie erabakia hautatuei.

Argazkia: Uema