“Euskal Kirol Portuen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Portu Agintaritzak (Puertos) proposamen berriak aurkeztu dituzte. San Anton mendiaren ekialdean dike berri bat eraikitzeko plana mahai gainean jarri badute ere, badakigu proposamenen artean handikeriak botatzea benetako helburuaren onespena lortzeko trikimailua besterik ez dela. 

Kirol portua handitu nahi dute, itxaron zerrendan dauden itsasontziek bertan atrakea eskuratu ahal izateko, eta eurentzat bulegoak eraikitzeko. Kirol portu berria ordea, ez dago gure txibizaleen “motor-txikientzat” pentsatuta. Eraiki nahi dituzten azpiegiturak 8 eta 12 metro arteko ontzientzat izango dira. Getariarrok aisialdirako erabiltzen ditugun ontzien gehiengoa ez da iristen 8 metrotara. Hau eskuratzeko, Markobe hondartzako mendebaldeari 1500 metro karratu kenduko zaizkio, Getariako plazako hiru pilotalekuk betetzen duten eremua gutxi gorabehera.

Moilan bertan lur-azpiko 555 aparkaleku eraikitzea ere proposatu dute haien burua garraio publikoaren sustatzailetzat dutenek.

Badira getariarren artean kirol portuko atrakea eskuratzeko itxaron zerrendan daudenak, baita aparkaleku gehiago eskatzen dutenak ere, baina akaso, herritar horien beharrak asetzeko, hondartza suntsitzea, moila handitzea, lur-azpiko aparkalekuak eraikitzea eta horrek guztiak dakartzan ondorio guztiak baino ideia sinpleago bat pentsatu beharko dugu.

Egia da, moilak baduela zenbait konponketaren premia, Katrapuna plaza azpiko tintalekuaren konponketa adibide. Lan horien aitzakia eta herritarrak eztabaidan jartzeko saiakera egitea gure moila eraldatzeko erabili nahi duten azpijokoa da.

Getariarrontzat garrantzi berezia du moilak, eta proposatutako aldaketek etorkizunera begira moila eredua aldatzen dutela uste dugu. Herritarron aisialdi zein lanerako gune izatetik, azken urteetako dinamika berean, erabilera publikoko lekuak guztiz pribatizatu eta kanpoko bisitari dirudunak erakartzeko gune bilakatuko dira.

Antzeko herri eta moila eredua sustatu duten herrietan (Getxo, Hondarribia…) gertatu den antzera, moila erabiltzeko ahalmena murriztuko zaigu. Denborarekin, ezinezko bilakatuko dira udan, herriko jende pilaketetatik aldentzeko, arrapalan edo dike txikian hartzen ditugun bainuak, edonon arrantzan edo itsas-kirolak praktikatzen aritzea…

Lan hauen eskumen osoa Portu Agintaritzak duela diote, eta ezinezkoa dela hau geratzea. Hala ere, herritarrek proiektuaren aurka duten joera erakutsiz gero, lortuko dugu gure moila herritarren interesen arabera antolatzea. Hondartza, moila eta herria herritarrentzat izango dira.

Hasierako onespena eman ondoren, herritar guztientzat Eusko Jaurlaritzaren webgunean daude eskuragarri Getariako portuaren Plan bereziaren inguruko dokumentuak. Era berean, “eztabaida” izeneko atal bat dago, eta bertan, edonork helarazi diezaioke Jaurlaritzari bere iritzia”.

Herriaren moila

Getariako portuko Plan Bereziaren inguruko desadostasuna adieraziz, Herriaren moila bezala identifikatu den herritar talde batek idatzi horixe helarazio dio ARTZAPEri.

Lotutako albisteak: