Tonpe Guraso Elkartea eta Lagunakek antolatuta Arpa Magikoa ikuskizuna herrira etorriko da. Otsailaren 21ean, igandean, 17:00etan hasita egingo da lau eta zortzi urte arteko haurrei zuzendutako emanaldia Iturzaeta aretoan. Ane Artetxe, Amaia Ruiz de Galarreta eta Amaia Irazabal izango dira oholtza gainean; azken hori, gainera, getariarra.

Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena eman behar da. Izen-emateak guraso elkartearen posta elektronikotik (gurasoelkartea.getaria@gmail.com) bideratuko dira. Mezuan, haurraren eta helduaren izen-abizenak eta telefono zenbaki bat zehaztu beharko dira. Datorren osteguna, otsailaren 18a, izango da izena emateko azken eguna.

Bestalde, antolatzaileek, musukoa jantzita eramatea derrigorrezkoa izango dela jakinarazi dute.

Sinopsia

“Ba omen da urruneko mendien artean lurralde ezkutu bat: Arpa Magikoaren lurralde ezkutua. Bertan, altxor preziatu bat dagoela jakin dute Mailukote eta Maratil bidaiariek. Horregatik, mapa eskuan hartu, eta han abiatu da bikote xelebrea altxorraren bila. Haien abilezia eta abenturarako grinak altxorra deskubritu eta liburu magikoaren barrenak ezagutzera eramango ditu”. Ikusleek istorio horretantxe murgildu ahal izango dute. Era berean, hemen klikatuz, ikuskizunaren laburpen txiki bat iruditan ikus daiteke.