Herriko bi sarrera nagusietan seinale berriak jarri dituzten; horietan, Getaria Euskal Herriko udalerri bat dela zehazten da. Haritz Alberdi alkateak azaldu duenez, “Getariako Udala Udalbiltzako (Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakunde publikoa) kide da, eta Udalbiltzak gure herriak Euskal Herriaren parte direla ikustarazteko marka sortu zuen: Euskal Herria”. Ekimen horren harira jarri dituzte Getarian ere seinaleak.

“Nazio-irudi bat eraikitzeko ezinbestekotzat ditugu seinaleak” dio Alberdik, eta “keinu txiki honekin Euskal Herria munduko mapan kokatzeko pauso garrantzitsu bat ematen delako” ipini dituztela kartelak gaineratu du. Beste hainbat herritan egin den bezala, “Getariak ere marka hori bere egin” duela berretsi du alkateak.