Elkanoren lehen mundu biraren 500. urteurrenaren harira, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak irailaren 6a EAEko 2022ko lan-egutegiko jaiegun gisa proposatu du. Izan ere, hiru urte pasatxoko espedizioaren ondoren, marinel getariarrak gidatutako ontzia 1522ko irailaren 6an iritsi zen Sanlucar de Barramedara (Sevilla).

Elena Perez Barredo lan eta gizarte segurantzako sailburuordeak Ser irrati katean azaldu duenez, PSE-EEk aurreko legealdian egin zuen proposamena, eta orain, gaiari berriro heldu diote. Hala, abenduaren 25eko jaieguna, igandea tokatzen denez, irailaren 6ra pasatzea proposatu dute. Halakoetan, hurrengo laneguna jaiegun bilakatzea izatea da ohikoena; Jaurlaritzak, ordea, pisu sinbolikoko egunak aukeratu ohi izan ditu.

Proposamenak ez dauka oraindik Gobernu Kontseiluaren baieztapenik, baina gauzak on bidean, ez litzake arazorik egongo.