Apirilaren 5etik 10era jokatuko da 2021eko Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza proba. Koronabirusa dela eta, lehengo urtean bertan behera geratu zen; aurten, ordea, antolatzaileek baieztatu dutenez egingo da.

Sei etapetako lasterketa izango da; hain justu, bosgarren etapan igaroko dira txirrindulariak Getariatik. Etapa horretan Hondarribiatik abiatuko dira kirolariak eta Ondarroa arteko ibilbidea egin beharko dute, zehazki, 160,2 km. Proba Bilbon hasi eta Arraten (Eibar) amaituko da, eta parte-hartzaileek 797,6 km egin beharko dituzte, orotara.