Urola Kostako ikastetxe publikoek, tartean Getariako Iturzaeta Herri Eskolak, Europa mailan antolatzen den Code Weeken (Kode Astea) hartu zuen parte urriaren 10etik 25era. Ikastetxetik azaldu dutenez, “orain arte, eskola hauetako batzuek egitasmo honetan parte hartu bazuten ere, oraingoan, ikastetxe guztiek elkarrekin lan egin dugu”.

Eskola denen abiapuntua bera izan ez arren, bakoitzak bere errealitateari egokitutako proiektua garatu du. Hala, ikasle guztiek landu dituzte programazioari lotutako egitasmoak, hala nola, beebotak martxan jartzea, Legoei bizia ematea edo bideo-jokoak diseinatzea.

Emaitza ezin hobea izan da, Code Weekeko bikaintasun ziurtagiria eskuratu baitute. Jasotako aipamenak “eskolengan lankidetza bide honetatik jarraitzeko ilusioari hauspoa emateko balio izan du”, adierazi dute Iturzaeta ordezkariek. Horrez gain, landutako proiektuetako batzuek ikasturtean zehar jarraipena izango dutela aurreratu dute.

Programazioa eta alfabetatze digitala

Code Week egitasmoaren helburua da programazioa eta alfabetatze digitala herritarrei modu interesgarri eta entretenigarrian gerturatzea. Horregatik, urtero eskaintzen zaio denbora tarte berezia asmo horri, besteak beste, “programatzen ikasteak etengabe aldatzen den inguruari zentzua bilatzen laguntzen duelako, teknologiak nola funtzionatzen duen hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako eta ideia berriak aztertzeko eta berrikuntzarako gaitasunak garatzea errazten duelako”.