Urola Kostako Udal Elkarteak etxean erabilitako olioa jasotzeko edukiontzi berriak jarri ditu eskualdeko bost udalerrietan: Getarian, Zarautzen, Zumaian, Orion eta Aian. “Gaikako bilketaren baitan, sukaldeko olioa ere egoki kudeatu beharreko hondakina da”, azaldu dute UKUEtik.

Duela 19 urte, 2002. urtean, hasi zen etxean erabilitako olioa birziklatzeko zerbitzua eskaintzen UKUE. Harrezkero, 687,72 tona olioa bildu dira eskualdeko bost udalerrietan. Zerbitzua indartzeko eta hobetzeko asmoz, orain arteko 36 edukiontziak berritzeaz gain, beste 20 edukiontzi berri jarri dituzte.

Edukiontzi laranjak dira eta horietan sukaldeko olioa bakarrik jasoko da. Era berean, erabilitako olioa beirazko, plastikozko edota brik motako ontzi batean ondo itxita utzi beharko da edukiontzian. Debekatuta dago olioa soltean isurtzea eta etxeko olio erabilia ibilgailuen olioarekin edo bestelako likidoekin nahastea.