Asteburuan zehar, Keta Sharks saskibaloi taldeak eta Esperantza ontziko arraunalirek kirol hitzordu bana izan dute. Biek ala biek emaitza onak lortu dituzte, eta zentzu horretan, asteburu emankorra izan da bi taldeentzat.

Larunbatean, Keta Sharksek Escolapios de Bilbao taldearen aurka jokatu zuen Sahatsaga kiroldegian, eta 74-41 emaitzarekin, getariarrak nagusitu ziren. Denboraldiari ezin hobeto berrekin dio Sharksek; izan ere, izurritearen ondorioz, Euskal Saskibaloi Federazioak berregituraketa bat egin eta denboraldia berriro hasi dute.

KAE1 ligako lehenak

Getariako arraunlariek, berriz, igandeko Euskadiko Traineru arteko distantzia luzeko txapelketan seigarren postua eskuratu zuten. Eurak izan ziren KAE1 ligan aritzen diren ontzien artean, bi luzeak egiteko denbora gutxien behar izan zutenak. Kronometroa 21:04,21ean geldituz, Zierbena izan zen gizonezkoen senior A mailako txapelduna; Esperantzari 39,55 segundoko aldea atera zion. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, berriz, Kaiarriba eta Ondarroa izan ziren, hurrenez hurren.

Emakumezkoetan, 15:41,48 denborarekin, Kaiarriba izan zen garaile. Euren atzetik, segundo bat pasatxoko aldearekin, Orio izan zen bigarren sailkatua. Hirugarrena, berriz, Hondarribia; horiei ia zortzi segundoko aldea atera zieten donostiarrek. Gizonezkoen senior B mailan ere Kaiarriba izan zen irabazlea. Beteranoetan, berriz, Fortuna.

 

Lotutako albisteak: