Getariako Udalak azaldu duenez, “udaleko bi alderdiek adostuta eta bultzatuta”, aurtengo Aberri Egunean “ohikoaz gain zerbait berria egitea” erabaki dute. Hain justu, herritarren artean itsasontzietan jartzeko ikurrin txikiak banatuko ditu. Apirilaren 4an, beraz, “etxeetako balkoi eta leihoetan gurea, guztiona den ikurra, ikurrina, jartzeaz gain, txalupa, motor-txikia, kanoa… dituzten getariarrak animatu nahi ditugu beraien ontzietako makilan ikurrina jarri eta urtean zehar bere horretan mantentzera”.

Orotara 80 ikurrin txiki banatuko dituzte interesa duten getariarren artean, dohainik. Horiek bihartik aurrera jaso ahal izango dira turismo bulegoan.