Alperrik izango da, M8a kalera ateratzea, egunero, gizartea eraldatzen eta gure eskubideen alde ezer ez badugu egiten. Galdetu zure buruari, zer egin dut nik aurten nire bizitzan,  etxean, familian, bikotean, lantokian, elkarte eta taldean, kuadrilan, berdintasun gehiago izan dezagun? 

Egunaren jatorria XIX. mendetik emakumeak euren eskubideen alde borrokan hasi zirenekoa da. Sufragistek emakumeen boto eskubidea, goi mailako ikasketak, edo euren diruaren jabe izatearen eskubidea aldarrikatu zituzten. Garai berean, nagusi ziren industria sektoretako sindikatuetan antolatutako emakumeak grebak egiten hasi ziren; kotoi sektoreko langileenak, jostunenak, lisatzaileenak… 10 orduko lanaldia, soldata igoerak eta lan eskubideak aldarrikatzen zituzten.

Clara Zetkinek bultzatutako Emakumeen II. Internazional Sozialistan elkartuta, ehunka emakumeek adostu zuten Emakumeen eguna izendatzea. 1911eko martxoak 25ean New Yorken 123 emakume, asko umeak eta 23 gizon hil ziren, Triangel lantegian izandako sutean. Langileek baimenduriko atsedenik har ez zezaten, lantegiko ateak itxita egotea ohikoa zen. Sutea hasi zenean ezin izan zuten ihes egin. 62 lagunek lehioetatik salto egin zuten su garretatik ihes egin nahian. Harrezkero; lanean osasun eta segurtasun neurriak ezartzeko legedia garatzen hasi zen.

2 mundu gerrak eta gero, Mugimendu Feminista 60. hamarkadatik aurrera indartu zen, ordutik, martxoak 8a, kalera atera eta borrokarako eguna bihurtu zen. Gero, 1977an Nazio Batuen Erakundeak martxoak 8a emakumeen nazioarteko  egun gisa izendatu zuen.

2018an lehen emakumeen nazioarteko greba deitu zen “Emakumeok* planto” lemapean. Greba kontzeptua eraldatu zuen, lan produktibo zein erreproduktiboetako langileei planto egitera deituz. Hots, bai lan ordainduak, eta baita ordaindu gabeko lanak ere, etxeko zaintza lanak esaterako, grebara jo zuten kapitalaren logikari bizitzaren logika gainjarri behar zaiola aldarrikatuz. Honela, zaintza krisia, pobreziaren feminizazioa eta indarkeria matxista salatu ziren, gizarte eredu eta eredu ekonomikoaren eraldaketa aldarrikatuz. Baita ere, sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea, zaintzaren garrantzi eta premia azpimarratzea, atzerritarrei buruzko lege gogorra eta kolonialismoa salatzea eta indarkeriarik gabeko bizitzeko eskubidea aldarrikatzea izan ziren helburu. Hurrengo urtean, 2019 osoan zehar, erresidentzietako langile, garbitzaile eta jangeletako begiraleek greba eta mobilizazioekin jarraitu zuten eta martxoaren 8a heldu zenean, bigarren urtez jarraian Greba Feminista deitu zen.

Mobilizazioak oso arrakastatsuak izan ziren, gizartea harrituta uzteraino. Tamalez, aldarrikapenak gauzatzeke jarraitzen dute. Gainera, pandemiak egoera are eta bortitzagoa egin du eta lehen ere zaurgarriak zirenen egoera oraindik ere okerragoa da orain. Gizarteak emakumeengan uzten du zaintza. Nork zaintzen zaitu? Bere bizitzako zerri uko egin behar izan dio zu zaindu zaituenak?

Zaintza hau doan egiten da, askotan maitasunaren aitzakian, eta ordaindua denean, lan baldintza prekario eta esklabutan egiten da. Honela, egungo zaintza ereduak emakumeak pobretu egiten gaitu eta gizartean parte hartzeko denbora lapurtzen digu, izan politikan, kulturan zein aisialdirako denborarik gabe utziz, eta gizonekiko menpekotasun egoera ekonomikoan, indarkeria matxistaren aurrean eskuak lotuta utziz.

Kateak askatzeko martxoaren 7an frontoian elkarretaratzea egingo dugu, kaleetan elkartuko gara!