“Oposizioan egonda ere, Getariako EAJ-PNVk hauteskundeetan proposatutako programa aurrera ateratzen ari gara. Jeltzaleok bultzatutako aparkalekuen antolamenduak herritarrak lehenesten ditu: egoilarrentzako plazak sortu, herri eremuko langileen aparkaleku aukeren bermea bono bidez, edota auto-karabanentzako eremu bereiztua, beste hainbaten artean. Urteak dira  aparkalekuak arazo bihurtu zirela herrian eta gure proposamena argia izan da beti: herritarrentzat aparkalekuak bermatzea, getariarrak lehenestea. Eta azken hilabeteetan egindako lanketaren ondoren aurrera aterako da martxoaren 30eko udalbatzarrean. Oso pozik gaude, getariar guztiok irabaziko baitugu erabakiarekin” adierazi dute jeltzaleek.

Getariako EAJtik 2019an udalak aurkezturiko proposamena ez zen ondo ikusten. “Herriko sarrera irteera guztietan kamerak ezartzeko proposamena eta Getarian erroldatuta ez daudenen kasuan Udalari azalpenak eman beharra, herritarren intimitate eta pribatutasun eskubidearen aurkakoa zela uste dugu, beraz oinarrizko eskubideak direla kontuan hartuta, hau ez zen onargarria. EAJ-PNVren proposamena bere osotasunean onartu eta aplikatuko ez bada ere, lehen pauso gisa ulertzen dugu onartuko den ordenantza hau. Ordenantza hobetzeko lanean jarraituko dugu”.

Zer proposatu da EAJ-PNVko udal taldetik? “EAJrentzat oinarrizkoa da udaletik herritarren defentsa irmoa egitea”. Hori oinarritzat, hauek dira proposamenak:

Getariako herritarrei bermatu beharreko eremuak, egoilarrentzako erreserbatutako aparkaleku-plaza eran, hurrengoak dira EAJ-PNV egindako proposamena:

  • Moilako eremua: Artzapeko aldapan dauden 20 plaza inguru, egoiliar bezala kalifikatzea.
  • Sahatsaga goia: Egoiliarrak.
  • Akerregi: Egoiliarrak.
  • Potzuaga: Egoiliarrak.
  • Krixketaneko iturrigaña: Egoiliarrak.
  • Lormendi aldapa: Egoiliarrak.
  • Sahatsaga: Egoiliarrak jesuiten ateraño.
  • Herrerieta: Zamalanetako eremuak, behin amaitzean egoiliarrentzako izatea.

Horiez gain, aztertu beharra dago alde zaharreko biztanleek zenbat kotxe dituzten, Sahatsaga eta Artzapeko aparkalekuak nahikoak diren jakiteko.

Beste alde batetik, interesgarria iruditzen zaigu alde berrian libre geratzen diren aparkalekuetan ere TAO ezartzeko aukera. Azken finean, goian libre dauden eremuetan aparkalekua librea izanda, bisitariek lehenik herri barrua betetzen dute ez delako ordaindu behar. Horrela, bietan ordaindu beharra izanda, gertutasunagatik zuzenean portura joango lirateke.

Baita herrian lan egiten duten guztientzako, inolako bereiztasunik gabe, zein herrian bizi baina erroldatuta ez daudenentzako, txartel berezia edo bonua, lasaitasunez aparkatu ahal izateko.

Eta azkenik, patinete elektrikoen erregulazioa bultzatzea eta auto-karabanak aparkatzeko eremu ezberdindu bat sortzea, autoen aparkalekuak erabiltzea galaraziz.