Udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean Getariako udaletxean eta lau gai nagusi izan zituzten hizpide. Horien artean garrantzitsuena herriko aparkaleku sistemaren ordenantza izan zen; udaleko bi alderdien onespena lortu eta, behin-behinean, onartu zuten.

Ibon Gereka EH Bilduko bozeramaleak azaldu zuenez, bere alderdiko zein EAJko zinegotziek, udaltzainek, udal teknikariek eta idazkariak hartu dute parte prozesuan; guztientzat esker hitzak izan zituen. Iaz proba moduan ezarritako aparkaleku sistema izan dute lanketarako oinarri: “Uda amaieran, udaltzainekin balorazioa egin zen, eta sistema hori behin betirako ezartzea aukera ontzat eman genuen”.

Aparkaleku sistemarekin lehentasuna Getarian bizi eta lan egiten dutenei eman nahi zaiela argitu zuen: “Bisitariak, modu ordenatu batean, portuko eremura bideratzen ditu”. Horregatik, iaz baino aparkaleku gehiago aurreikusi dituzte baimenduentzat errepidez gorako eremuan. Hala ere, Sahatsaga kalean eta Herrerietako hainbat gunetan aparkaleku libreak egongo dira.

Bi denboraldi

Orain arte bezala, aparkalekuetarako bi sasoi bereiztuko dira: bata, urriaren 1etik maiatzaren 30era, eta bestea, ekainaren 1etik irailaren 30era. Azken hau 15 egunez luzatu dute.

Lehen denboraldian, Harritarten, Sahatsaga kalearen hasieran, Herrerietako zenbait gunetan eta Ulpiano etxe ondoan bakarrik mugatuko da aparkalekua, ordu jakin batzuetara. Ordutegi horretatik kanpo, erabilera libreko aparkalekuak izango dira; ez, ordea, bigarren denboraldian, muga ordutegia amaituta, baimenduek soilik erabili ahal izango baitituzte eremuok.

Uda garaian, azken urteetan bezala, aparkatzeko bi eremu izango dira: errepidetik behera TAO sistema ezarriko da eta errepidetik gora, Akerregi, Potzuaga, Erruera, Cristobal Balenciaga, Krixketaneko Iturrigaina eta Lormendi kaleetan, baimenduek bakarrik aparkatu ahal izango dute.

Baimenduak izango dira ibilgailuen tasa Getarian ordaintzen dutenak; tasa hori ordaindu ez arren, herrian erroldatuta daudenak; etxebizitza bat dutenak zein, gutxienez 30 egunez, etxebizitza bat alokairuan hartzen dutenak. Urteko tasa bertan ordaintzen dutenek izan ezik, 30 euroko kuota ordaindu beharko dute denek denboraldiko eta ibilgailu bakoitzeko.

Herrigunean jarduten duten langileek ere baimena izango dute ibilgailua aparkatzeko, orain arte bezala, moilako eremuan. Hauek 15 euroko kuota ordaindu beharko dute denboraldiko, eta ibilgailu bakarrarentzako txartela eskuratu ahal izango dute. Etxez-etxeko konponketetarako eta antzerako lanak egin ahal izateko, errepidetik gorako eremuan badira, doako aparkaleku baimena emango du udalak.

Bestalde, baimendutako eremuak zehazteko, seinale berriak margotuko dira lurrean. B eta A hizkiak izango dira, “Baimenduak” eta “Autorizados” hitzei dagozkienak.

Aitor Urresti EAJko bozeramaleak ordenantza lantzerakoan egondako jarrera eskertu zuen, eta bere alderdiak baimenduen gune gehiago nahi bazituen ere, “kontentu” daudela adierazi zuen.

Pediatra euskalduna

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, pediatra euskalduna eskatu eta mozioak aurkeztu ditu Getariako, Zumaiako, Aizarnazabalgo eta Zestoako udaletan. EH Bilduk eraman zuen gaia atzoko udalbatzarrera eta Itziar Larrañaga Euskara zinegotziak adierazi zuenez, “herriaren %84a euskalduna izanik, pediatra euskaldun bat tokatzen zaigu. 2008an, lanpostu horretarako baldintzetako bat zen euskaraz jakitea”.

Urrestik “osasun sistema egoki bat izatearen eta bertako kideak herritarrek hurbilen duten hizkuntzetan komunikatzearen garrantzia” nabarmendu zuen. Hala ere, honakoa adierazi zuen: “Arazo bat dago pediatrekin, ez dago nahikoa Euskal Autonomia Erkidegoko herri guztietara iristeko. Egokitu zaigunak zailtasunak ditu edo ez daki euskaraz, baina kontuan hartu behar da profesionaltasuna ere. Alternatiba da euskaraz dakien familia mediku bat jartzea? Iruditzen zaigu, pandemia garaian, ez dela momenturik egokiena medikuen baheketa egiteko edo esateko mediku euskalduna bultzatu behar den edo ez. Gure ustez, lehenik profesionaltasuna, osasun profesional onak behar ditugu, herritarrei artapen ona emango dion medikua”. Bere alderdiko kideak abstenitu egin ziren, eta EH Bilduko sei zinegotzien aldeko botoekin, aurrera atera zen mozioa.

Bestalde, 2021erako onartutako ordenantza fiskaletan aldaketa bat egin dute, eta bi tasa berri gehitu direla adierazi zuen Nahia Iturbe Ogasun zinegotziak. Antena jartzeagatik 200 euroko tasa ezarriko da urteko, eta argindar kaxagatik, berriz, metro koadroko, 1.000 eurokoa urtean.

 

Lotutako albisteak: